Ekitaldian izan dira hamazazpi emakume horietako bi: Maria Dolores Albisua eta Mertxe Mogilincki.
Garai nekezak izan zirela kontatu du Albisuak: "Gizonek ez zuten sinisten emakumeengan eta ez genuen babesik. Gauza txikiekin hasi ginen: eskolako kantina hartu genuen emakumeon artean eta ondo joan zen, gero janarekin hasi ginen... poliki-poliki".
Emakumeak aurrera egiteko aukera gutxi zituen garaiak zirela gehitu du Mogilinckik, baina Jose Maria Arizmendiarrietak deitu zienean -emakumeen kooperatiba bat egotea ere garrantzitsua zela pentsatuta- aurrera egin zutela: "Ahal izan genuena egin genuen, baina garai zailak ziren: emakumea, adibidez, behin ezkonduta, atera egin behar zen kooperatibatik etxea eta umeak zaintzeko... baina pixkanaka lortu zen arrazoi horregatik lana utzitako emakumeak berriz ere kooperatiban onartzea". Eta Espainiar estatuko lan arloko lehen haurtzaindegia izan zena ere sortu zuten, gaur Umezaintza bezala ezagutzen dena: "Ikusten genuen zaila etxeko eta kanpoko lana, biak, uztartzea eta haurtzaindegi bat sortu genuen. Hori aurrerapauso garrantzitsua izan zen. Ilusio handiarekin egin genuen guztia, emakumeentzat bultzada bat izango zen zerbait atera zedin".
Gauza txiki batetik hasita, Auzo Lagun -gaur egun, Ausolan- noraino iritsi den ikustea sekulakoa dela diote. Aitortzak ilusio izugarria egin diela aitortu dute eta emakumeek merezi dutela.
11.000 profesional
Ausolaneko lehendakari Maialen Larreak adierazi du gaurkoa moduko ekitaldiek harrotasunez betetzen dituela: "Eurek duela 55 urte urte erakutsitako ausardiari esker gaur egun 11.000 profesionalez osaturiko taldea gara; gehienak, emakumeak. Gaurko ekitaldia izen aldaketa bat baino gehiago da guretzat".
Zuztarrak Errotuz taldearen ekimenez etorri da izen aldaketa; mozioa aurkeztu zuen eta udalbatzak onartu. Taldeko kide Xabier Zubizarretak kontatu du Arrasateko historia berreskuratzen saiatzea dutela helburu, horren baitan aztertu dutela kale izendegia eta horietako hainbat "onartezinak" direla. Gaineratu du Alfontso VIII.aren izena dela horietako bat eta "poztekoa" dela hori kentzeaz bat emakumeei aitortza egiten dien beste batengatik ordezkatzea erabaki izana.
Arrasateko alkate Maider Morrasek azaldu du kale izen berri honek laguntzen duela azaleratzen emakume ekintzaileak egon direla lehen ere Arrasaten eta agerikotasuna ematen jarraitzeko ekintza gehiago egiten segituko dutela.
Txistularien doinuek lagunduta dantzariek egindako aurreskuarekin borobildu dute ekitaldia.