Alfontso VIII.aren ordez, hamazazpi emakume

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 15a, 13:17

Alfontso VIII kaleari izena aldatuko diote eta, aurrerantzean, '17 Emakume kalea' izango da.

Zuztarrak Errotuz taldeak abenduko osoko bilkuran aurkeztutako mozioak aurrera egin du eta Alfontso VIII kaleari izena aldatuko diote. Hala, '17 Emakume kalea' izena hartuko du aurrerantzean, 1969an Auzo Lagun sortu zuten emakumeen omenez.

San Andresko Alfontso VIII kaleak izen berria izango du laster: 17 Emakume kalea. Izan ere, Zuztarrak Errotuz taldearen mozioa onartu egin du udalbatzak, eta, orain, horretarako prozesu administratiboa martxan jarriko du Kultura Sailak.

Hainbat eskaera jasotzen zituen mozioak; nagusiki bi: batetik, Alfontso VIII.aren izena Arrasateko kale-izendegitik kentzea; eta, bestetik, kale horri 17 Emakume kalea izena jartzea. "1969an, frankismoak emakumeentzat inposatuta zituen hainbat lege: emakumeek, ezkondutakoan, lana utzi behar izatea, senarraren baimena behar izatea hainbat gauzetarako, senarra eta seme-alabak zaintzea eta abar. Bada, garai hartan, hamazazpi emakumek erabaki zuten, ezkondutakoan, lan egiteko eskubidearen alde borrokatzea, haien garapen pertsonala eta independentzia ekonomikoa lortzeko. Hala, Auzo Lagun sortu zuten, eta historiaren norabidea aldatu", azaldu zuten Zuztarrak Errotuz taldeko kideek osoko bilkuran, eta zera gaineratu: "1971n, emakume haien ekimenez sortu zuten estatu mailako lehen haurtzaindegia ere".

Era berean, mozioa onartuta, Udal Gobernua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jarriko da, Alfontso VIII.arekin loturiko ekintza historikoak eta kronologiak aztertzeko. "Izan ere, 1200. urtean Gipuzkoako foruak ez zeuden. Gipuzkoa berez ez zen existitzen eta ez dago baieztatuta Alfontso VIII.a urte hartan Arrasaten izan zela foru horien zina egiteko".

Azkenik, Portaloiko eskuinaldeko fatxadan errotulu bat jarriko dute, Alde Zaharra Birgaitzeko Planak ahalbidetzen duen heinean, testu honekin: Gaztelako konkistaren aurretik, Arrasate Atxorrotx izeneko tenentzian kokatua, egitura bateratu batean antolatua zegoen: Nafarroako Erresuma. Errotuluak, halaber, Nafarroako bandera izango du goialdean.

Nafarroatik Gaztelara

Mozioa aurkezteko, hainbat azalpen eta datu eman zituzten Zuztarrak Errotuz taldeko kideek; besteak beste, honako hau: "1200. urtera arte, Leintz bailara osoa, Arrasate barne, Nafarroako Erresumaren baitan zegoen, baina Gasteizko setioaren ostean, Gaztelako Erresumak Gipuzkoa, Araba eta Durangaldeko lurrak konkistatu zituen, Alfontso VIII.a buru zutela. Garai hartan, ez zen existitzen egun ezagutzen dugun Gipuzkoa, eta lurralde horretan hiru entitate zeuden: Aitzorrotzia, Ipuscaiako Lurra eta San Sebastian. 1200ko konkistaz geroztik, Gaztelako eta, gero, Espainiako erresumakoa da ofizialki".

Erabateko adostasunik ez

Sozialistek aurkako botoa eman zuten eta jeltzaleak, proposamenarekin bat egin arren, abstenitu egin ziren. "Oso ondo ikusten dugu proposamena, baina iruditzen zaigu protokolo bat lantzen hasi gaitezkeela kaleen izenak aldatzeko, horrelako proposamen gehiago egon daitezkeelako. Udal Gobernuari eskatzen diogu protokolo bat martxan jartzeko", zioen Agurne Juldain EAJko zinegotziak.

EH Bilduren bozeramaile Kepa Urteagak, aldiz, eskerrak eman zizkion Zuztarrak Errotuz taldeari, "memoria historikoari eta Arrasateri mesede egiteagatik", haren esanetan. "Alfontso VIII.aren izena Arrasateri lotuta geratu da, zoritxarrez, eta beharrezkoa iruditzen zaigu hori aldatzea". Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek zera azpimarratu zuen: "Eskerrak hamazazpi emakume haiei, bidea zabaltzeagatik, eta eskerrak Zuztarrak Errotuzi, egindako lanagatik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak