2023ko Araudi Plana aldatzeko proposamena izan da abenduko ohiko osoko bilkurako puntuetako bat. Zehatzago esanda, bide publikoa terrazekin eta bestelako instalazioekin okupatzea arautuko duen ordenantza berria sortzea. Aho batez onartu dute eta Kepa Urteaga EH Bilduren bozeramaileak azaldu duenez, ordenantza sortzeko prozesu bat abiatuko du orain Udal Gobernuak. "Kontsultak egingo ditugu eta, horren ostean, pare bat hilabeteko epea egongo da ekarpenak egiteko. Aurreko Udal Gobernuak Aztikerrekin egindako planteamendua ere aintzat hartuko dugu eta horrekin guztiarekin, ordenantza berri bat egingo dugu. Guztiontzako ordenantza izan behar da, ostalariendako zein herritarrendako. Uztailetik harremanetan ari gara ostalariekin zein auzotarrekin", nabarmendu du.
Alfontso VIII.aren ordez, '17 Emakume kalea'
Zuztarrak Errotuz taldeak Alfontso VIII kalea Arrasateko kale-izendegitik kentzeko mozioa aurkeztu du eta onartuta geratu da. Eskakizun nagusia da egungo Alfontso VIII.a kaleari izena aldatu eta 17 emakume kalea izatera pasatzea. "1969an, frankismoak emakumeentzat inposatuta zituen hainbat lege: emakumeek, ezkondutakoan, lana utzi behar izatea, senarraren baimena behar izatea hainbat gauzetarako, senarra eta seme-alabak zaintzea eta abar. Bada, garai hartan, 17 emakumek erabaki zuten, ezkondutakoan, lan egiteko eskubidearen alde borrokatzea, haien garapen pertsonala eta independentzia ekonomikoa lortzeko. Hala, Auzo Lagun sortu zuten, historiaren norabidea aldatuz", azaldu dute. "Halaber, 1971an, emakume horien ekimenez sortu zuten estatu mailako lehen haurtzaindegia ere".
Sozialistek aurkako botoa eman dute eta jeltzaleak, proposamenarekin bat egiten duten arren, abstenitu egin dira. "Oso ondo ikusten dugu proposamena. Baina iruditzen zaigu protokolo bat lantzen hasi gaitezkeela kaleen izenak aldatzeko, horrelako proposamen gehiago egon daitezkeelako. Beraz, abstenitu egingo gara eta Udal Gobernuari eskatzen diogu protokolo bat martxan jartzea", adierazi du Agurne Juldain jeltzaleak.
Urteagak adierazi du kale-izendegirako badaudela irizpideak eta orain arte jarraitu direla. Horrez gain, eskerrak eman dizkie Zuztarrak Errotuz taldeari, "memoria historikoari eta Arrasateri mesede egiteagatik", haren esanetan. "Alfontso VIII. izena Arrasateri lotuta geratu da, zoritxarrez, eta beharrezkoa iruditzen zaigu hori aldatzea".
Maider Morras alkateak ere hartu du berba: "Arrasatear emakume bezala, eskerrak etortzeagatik Auzo Laguneko langileei, eta hura sortu zutenei. Zuek sortutako bidetik gure amek eta izebek aukera izan zuten etxetik kanpora irten eta lan egiteko. Gure bailaran aitzindari izan zarete. Asko daukagu egiteko, baina hau beste aletxo bat da aurrera begirako borrokan".
Elkarrekin Arrasateko Eva Abuinek ere ildo beretik jo du: "Bat egiten dut Maiderrek esandako guztiarekin. Eskerrak 17 emakume horiei bidea zabaltzeagatik eta eskerrak Zuztarrak Errotuzi, egindako lanagatik".
Pentsiodunen mozioa ere, onartuta
Bestalde, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere mozioa aurkeztu du, pentsiodun guztiek gutxienez 1.080 euroko diru-sarrerak izatea bermatzea eskatuz, eta aurrera egin du, EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren aldeko botoekin. "Azken bost urteetan zuekin egon gara. Zuen borroka gure borroka da. Gaur egun ez dugu borrokarik egiten, zer aurkituko dugu guk zuen adinera iristen garenean? Segur aski, ezer onik ez", dio Urteagak, eta Abuinek zera gaineratu du: "Eskerrak erresistentzia eredu izateagatik. Gainera, ikuspegi feminista dago zuen irakurketan".
Sozialistek eta jeltzaleek, ordea, aurka bozkatu dute. "Espainiako Gobernuaren eskumena da hori, ez da transferitzen", azaldu du Johanna Sanchez sozialistak, eta Juldainek ere horixe nabarmendu du: "Oso ondo ikusten dugu mozioa, baina nori dagokio hori gauzatzea? Planteamendua Eusko Jaurlaritzari egiten zaio baina ez dagokio berari, Espainiari baizik. Ezin dugu alde bozkatu". Urteagak argitu du gehigarri bat eskatzen zaiola Eusko Jaurlaritzari, ez pentsioaren ehuneko ehuna.
EAJrenak ez du aurrera egin
Azkenik, EAJ-PNVk Euskal zaintza eredu sendo, eraldatzaile, feminista eta komunitario baten aldeko mozioa aurkeztu du eta Juldainek jeltzaleen eredua defendatu du. Sozialistek ere babestu dute, zaintza arloan "hainbat hobekuntza" ekarriko lituzkeela argudiatuta.
Edozelan ere, EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek kontrako botoa eman dute. EH Bilduko Jasone Giraldok zera adierazi du: "Ideia batzuk partekatzen ditugu, baina baieztapen batzuekin ez dugu bat egiten. Gainera, bizitzak eta zaintzak erdigunean jarri dituen greba baten ostean horrelako mozio bat aurkeztea itxurakeria hutsa iruditzen zaigu". Abuinek ere bat egin du irakurketarekin.