AGAKOk eta Lezetxikik hartu dute protagonismoa, gai zerrendan egon ez arren

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko ots. 9a, 10:56

Atzo, eguaztena, egin zuten otsaileko osoko bilkura eta AGAKOko kideen aldarrikapenek hartu zuten protagonismo nagusia saioan. Horrez gain, Alvaro Arrizabalaga arkeologoak ere hitz egin zuen Lezetxikin gertatutakoari buruz.

Gai zerrendan egon ez arren, AGAKO eta Arrasateko gaztetxea izan ziren atzoko saioko hizpide nagusietako bat. Izan ere, urtarrilean egindako prentsa agerraldiaren ostean, osoko bilkurara joan ziren AGAKOko hainbat kide, zenbait herritarren babesarekin. Haien eskaerak mahaigaineratu zituzten, Udal Gobernuari azalpenak eskatuz.

AGAKOko kideek osoko bilkuran atera zuten pankarta.

Erantzuten lehena Victoriano Fuentes sozialista izan zen, Obrak, Zerbitzuak, Mantentze eta Auzoak saileko zinegotzia. Zenbait azalpen eman zituen gazteek azaldutako bere sailari dagozkion bi gaiei erantzuteko. Igogailuari dagokionez, zera adierazi zuen: "Lehen solairu horretan igogailua ez da gelditzen duela hamar urtetatik, erabilera desegoki bat egiten zelako eta horrek matxurak eragiten zituelako. Hainbat ekintza bandaliko egon izan dira eta horiek eragindako matxurek 13.350 euroko gastua izan dute. Horrez gain, goiko auzoetan bizi diren auzotarren irisgarritasuna bermatu behar dugu".

Garbitasunari erreparatuz, azaldu zuen eskailerak astero garbitzen dituztela. "Halaber, urtean bizpahiru aldiz egiten dugu kanpoko gunearen garbiketa orokorra. Gune komuna, aldiz, zikintzen duenak garbitu behar izaten du, hari dagokio ardura hori".

Ondoren, Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak hartu zuen berba, hezetasunaren gaiari helduz: "Abenduaren 1eko bileran hezetasunaren gaiaz hitz egin zen. Urteetako arazo bat da eta esku hartze ezberdinekin ez da lortu arazoa konpontzea. Beraz, konpromiso bat hartu genuen enpresa bati esleitzeko horren inguruko lanketa bat egiteko eta hori martxan da". Halaber, bilera baterako data bat jartzeko prest azaldu zen.

AGAKOko kideek, horri guztiari erantzunez, zera esan zuten: "Garbiketaren puntua ez da betetzen, guk garbitzen baititugu guri ez dagozkigun espazio batzuk. Bestalde, ez da egon inongo prestutasunik Udal Gobernuaren partetik eta ez gara irten prentsan guk gura dugulako, bide guztiak agortuta ditugulako baizik. Udal Gobernuak bere lana ondo egitea eskatzen dugu, besterik ez".

AGAKOko hiru ordezkarik egin zuten berba.

EH Bilduko bozeramaile Maider Morrasek, bestalde, AGAKOk egindako lanari balioa eman zion: "Udal eraikinak ondo egotearen ardura Udalarena da, hau da, eskatzen ari direna da Udalak derrigor eman behar diena. Gazteekiko konfiantza falta bat du Udal Gobernuak eta ez dago harreman normalizaturik bi aldeen artean, bestela ez ziren osoko bilkurara etorriko". Halaber, EH Bilduko Kepa Urteagak igogailuaren aferari egin zion erreferentzia, azpimarratuz ez dela duina mugikortasun zailtasunak dituztenak atzeko atetik sartu behar izatea gaztetxera. "Hori izan da zuek eman diozuen erantzuna Kooltur Ekintzari. Auzotarren eskubidea bermatu behar den moduan, mugikortasun zailtasunak dituztenena ere bermatu behar da eta hori egingarria da".

Podemos Arrasateko Eva Avuinek babesa adierazi zien AGAKOko ordezkariei, zera nabarmenduz: "Gobernuaren erantzuna penagarria izan da, duela hamar urteko kontuak aipatuz. Beste igogailu batzuetan ere erabilera txarrak egin dira eta konpondu dira. Gazteak bigarren mailako herritarrak bezala tratatzen ditu Gobernu honek".

Azkenik, Udal Gobernuak adierazi zuen AGAKOrekin berriro elkartzeko ateak zabalik dituela: "Udalak badauka hitzarmen bat gaztetxearekin, eskubide eta betebehar batzuk jasotzen dituena. Gu prest gaude hitzarmen hori berriro aztertzeko, puntuz puntu begiratzeko ea betetzen diren, eta zerbait aldatu, gehitu edo kendu behar bada, hala egiteko", zehaztu zuen Maria Ubarretxena alkateak.

Arrizabalaga, Lezetxikin gertatukoaz

Horren ostean, Alvaro Arrizabalaga arkeologoak hartu zuen berba, Lezetxikin gertatutakoaz haren iritzia emateko, alkateak hala eskatuta. Azaldu zuenez, horrelako azpiegitura guztietan kontrol arkeologikoak egiten dira, enpresa baten bidez eta ez duela uste salbuespena izango denik hau. "Eskatu beharko da txostena galeria horri emandako tratamendu arkeologikoa nolakoa izan den ikusteko. Gai honetan, bi elementu positibo daude. Garrantzitsuena da ongi ezagutzen dugun esparru arkeologiko horretan ez dutela ezer ukitu eta ez duela ematen kaltetuko duenik, kalkulatzen baitugu 400-500 metroko aldea dagoela. Bigarrenik, pozik gelditu naiz Lezetxikiren alde herritarrek erreakzionatzen dutela". Zera gaineratu zuen: "Ikusi dugu batzuk tuneleraino iritsi direla Lezetxikitik. Ezin dugu onartu aurrerantzean Lezetxiki tunelerako sarbidea izatea".

Alvaro Arrizabalaga, osoko bilkuran.

Ezkurrak adierazi zuen joan den astean agertutako irudiek arduratu egin dutela. "Berretsi gura dugu eskaera egin dugula txosten hori edukitzeko eta espero dugu informazioa jasotzea. Arduratzen gaituen gaia da eta jarraipena egingo dugu".

Morrasek erantzukizun politikoa eskatu zien EAJri eta PSE-EEri. "Horrez gain, mingarria iruditu zaigu ez jakitea Arrizabalaga zetorrela osoko bilkurara. Saioa hasi baino minutu bat lehenago jakin dugu". Hala, EH Bilduko Joseba Ezpeletak adierazi zuen horrek bizikidetzan eragina duela, eskatuz gaia Bizikidetza Batzordean lantzeko. Ezkurrak onartu egin zion eskaera hori.

Euskararen aurkako judizializazioa salatzeko mozioa

Era berean, euskararen aurkako eraso judizialaren aurreko mozioa aurkeztu zuen EH Bildu udal taldeak. "Estatu independente bat ez badugu edukitzen, euskarak ez du babesik izango, erasoak baizik, gertatzen ari den bezala", azaldu zuen Morrasek.

Onartu egin zuten mozioa, Podemos Arrasateren eta EAJren aldeko botoekin. Hala ere, jeltzaleek zera gaineratu dute: "Ez dugu ulertzen EH Bilduk mozio hau ekartzea osoko bilkurara eta, era berean, Mankomunitatean, haiek agintean egonda, hizkuntza eskakizunak jaistea proposatzea hainbat lanpostutan". 

Alderdi sozialistak ezezko botoa eman zuen, argudiatuz errespetatu egiten dituztela erabaki juridikoak. "Uste dugu eskatzen diren baldintza guztiak egokitu egin behar direla leku bakoitzaren errealitate soziolinguistikora. Oinarrizko kontu bat da hori. Profilen zentzuzko aplikazioa defendatzen dugu guk".

Minutuko isilunea

Alderdi sozialistak hala eskatuta, minutuko isilunea ere egin zuten atzoko saioan, indarkeria matxistaren biktimen alde. Johanna Sanchez Berdintasun zinegotziak hartu zuen berba: "Iaz, 2022an, 49 emakume erail zituzten haien bikotekideek [Espainian] eta aurten dagoeneko hamar dira. Beraz, talde politiko guztiok uste dugu beharrezkoa dela egoera honi buelta ematea, horrela jarraitu ezkero, gaizki goazelako. Lanean jarraitu behar dugu hau aldatzeko".

Zutik jarrita egin zuten minutuko isilunea.

Monterronen etorkizunaz

Morrasek Monterron jauregiaren etorkizunaz ere galdetu zion Udal Gobernuari, Goienak alkateari egindako elkarrizketan hark esandakoaren harira. "Lotsagarria iruditzen zaigu prentsatik jakin behar izatea halako gauza bat. Ez da batzorde bakar batetik ere pasatu".

Ezkurrak erantzun zion lanketa bat dela oraindik, "ideia bat", eta zerbait baieztatzeko moduan direnean, komunikatuko dutela. Izan ere, Udal Gobernuaren asmoa da Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitza izatea Monterron.

Morrasek gehitu zuen EH Bilduk gurako lukeela Monterron eraikin publiko bat izatea, "herritik herriarendako proiektu bat, arrasatearrek erabiliko luketena eta ez kanpokoek".

Vicente Ignacio Echeverriaren kargu-hartzea

Atzoko saioan zinegotzi kargua hartu zuen Vicente Ignacio Echeverria jeltzaleak, abenduko osoko bilkuran, osasun arazoak tarteko, karguari uko egin zion Eugenio Uribarrenen lekua hartuz.

Vicente Ignacio Echeverria, atzo, osoko bilkuran.

21.760 biztanle

Arrasateko biztanleriaren kopuru ofizialaren berri ere eman zuten: 21.760.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak