"Udalaren konpromiso falta" salatu du AGAKOk

Hasier Larrea 2023ko urt. 18a, 21:00

Gaztetxeko asanbladako kideek Udalarekin duten "harreman motel eta hotza" azaleratu dute gaur iluntzean.  Urteetan konpondu ez diren hiru arazo nagusitan jarri dute arreta: kanpo espazioaren garbitasunean, eraikinaren segurtasun baldintzetan eta igogailuan.

Arrasateko gaztetxearen eguneroko jarduna AGAKOren baliabideetatik harago dauden faktoreek eta erabakiguneek baldintzatzen dutela aintzat hartuta, asanbladari ezinbestekoa zaio udal ordezkariekin elkarrizketa sustatzea. "Gure esku egon diren urratsak egin ostean, behartuta gaude Arrasateko herriari bizi dugun errealitatearen berri jakinarazteko", azaldu dute asteon, herrigintzako eragileen babesa lagun. 

"Ehunka gazteren topaleku eta hamaika kontzertu, hitzaldi, bilera, eragile eta parrandaren aterpe" gisa definitu dute gaztetxea, eta gehitu "halako dimentsioko proiektu bat aurrera eramatea ez dela makala, eta ulertu beharrekoa dela proiektuak berak dituen beharrak askotarikoak direla".

Kanpo espazioa garbitzea

Behar horietako bat da eraikinaren kanpo espazioa garbi mantentzea, eta AGAKO "astero" arduratzen da horretaz: "Kontziente garelako gure jardunak kanpo espazio hori nabarmen zikintzen duela". Baina espazio hori modu duinean mantentzea asanbladaren egitekora bakarrik mugatu beharko ez litzatekeela uste dute, "gaztetxearen erabileratik harago ere ematen zaiolako bizitza espazio horri". Ekainean horixe bera azaldu zieten Udaleko Gazte Saileko ordezkariei: "Bilera hartan, Udalak konpromisoa hartu zuen bere garbiketa zerbitzuen bitartez gaztetxearen sarrera, igogailurako pasabidea eta udal pilotalekuaren larrialdietarako atearen ingurua garbitzeko, baina ez du bete". 

Hezetasunekin bukatzea

Duela zazpi urte mahai gaineratutako kontuak dira, bestalde, hezetasunek eraikinean sortzen dituzten arazoak. Eszenatoki atzeko horma eta sabaia dira, gaur-gaurkoz, gaztetxeko eremu kezkagarrienak, "gune hori joan-etorri askokoa izanda sabai zatiak erori baitira". Gai hori tratatzeko, ezohiko bilera "gazi-gozoa" izan zuten alkatearekin eta Udaleko bost sailetako teknikariekin. "Urte asko itxaron ondoren, hezetasunak saihesteko prozesua martxan jartzea lortu dugu, eta, astiro badoa ere, bilera hark emandakoa aurrerapauso gisa ulertzen dugu. Hala ere, ez dugu bilera hartako aktarik jaso; gure eskari eta ahotsak entzunak direla ziurtatzeko, hemendik aurrerako bileretan hitz egindakoa akta bidez jasotzea eskatzen diogu Udal Gobernuari", azaldu dute AGAKOko kideek.

Igogailua erabili ahal izatea

Uarkape eta Ferixalekua arteko igogailu publikoari ere egin diote erreferentzia. Izan ere, igogailu horrek gaztetxeko sarrerara eramaten duen ate bat dauka, baina, diotenez, aukera hori "ukatua" izan zaie: "Asanbladak igogailuari eman izan dion erabilerak irisgarritasun zailtasunak dituen edonori bertarako sarbidea ahalbidetzea izan du helburu. Egia da zamalanetarako ere erabili izan dugula, baina ekainean izandako bileran, igogailuaren erabilera jatorrizko helburura mugatzeko konpromisoa hartu genuen, Udalak debekua bertan behera uztearen truke".

Afera horretan ere ez da aldaketarik egon eta "diskriminaziotzat" jotzen dute: "Igogailuaren ukapenak norbanako desberdinei aukera berdintasuna ukatzen die; esaterako, Koolturren egitaraura gerturatu izan diren zenbaitzuek gaztetxerako sarbidera iristeko arazoak izan dituzte. Eragile honek egin ditu eskaerak BAZ zerbitzuaren bitartez, baina ezezko erantzuna jaso izan dute, azkena, gaur bertan". 

"Kokoteraino, baina kementsu"

Udal Gobernuak hiru kontu horiei berehalako erantzuna ematea espero du asanbladak: "Eguneroko jarduna garatzeko oinarrizko alderdiak eta herritar gisa ditugun oinarrizko eskubideak oztopatzen dituzten mugak dira. Gehitu dute "kokoteraino" daudela "gazteon hitza entzuna eta jasoa ez izateaz" eta haien jarduna "seriotasunez ez hartzeaz", baina lanerako eta proiektuei eusteko kemenez daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak