Asteburuan zabaldu zen berria, Lezetxikiko Lagunak izeneko espeleologia taldeak zabaldutako informazio eta argazkiak tarteko. "Abiadura Handiko Trenaren lanen ondorioz, Lezetxiki suntsituta geratu da", adierazi zuten. Arrasateko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak zehaztu dute kalteak "Garagartzako [Arrasate] aztarnategi arkeologikotik urrun" izan direla.
Arrasateko eta inguruko espeleologia-zaleek osatzen dute Lezetxikiren Lagunak kolektiboa, eta duela bi urte konturatu ziren Lezetxiki haitzulo barruko ohiko bide bat etenda zegoela. Ikertzen ibili eta gero, metalezko sarez eta xaflez osatutako hormaraino iritsi ziren: "Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen".
Lezetxiki barreneko galerietarako bidea harri handiekin guztiz estalita aurkitu zutenean sortu zitzaizkien susmoak, "berriki eroritakoak" baitziren. "Garai hartan, AHTaren obrak zirela-eta ia egunero izaten ziren leherketak; beraz, horiek sortutako dardarek eragindako lur-jausia izan zitekeela pentsatu genuen", azaldu dute.
"Izugarrikeriari argazkiak"
Aurtengo urtarrilean sakonago aztertzeari ekin zioten: "Aipatutako barreneko galeria horietara iristeko beste bide bat bazegoela jakin baikenuen". Joan den astean egin zuten aurreneko saiakera. Ingurua argiztatu, eta ikusi zutena sinistu ezinik geratu ziren. "Izugarrizko kareharri eta lur-jausia, azpiko galeria guztiz estaltzen zuena. Harri-askatzearen jatorriari erreparatu genionean ikusi genuen astakeriarik beldurgarriena. Goraxeago, 40 bat metro aurrerago, askatzearen sorburuan metalezko sarez eta xaflez osatutako horma antzeman genuen. Hobeto aztertu ondoren, Abiadura Handiko Trenaren tunelaren kanpo estaldura zela egiaztatu genuen", diote Lezetxikiko Lagunek. "Egindako izugarrikeriari argazkiak atera eta kanpora irten ginen, guztiz atsekabetuta. Kalte horiek guk ikusi ahal izan ditugunak baino ez dira. Ez dugu zalantzarik kaltea handiagoa izango dela, agerian ez badago ere. Jakinekoa baita AHTaren obrek kalte handiak eragin dituztela gure bailaran: iturburuak agortu, errekak lohitu eta kutsatu edota lur-jausien ondorioz errepideak hondatu".
Aurkikuntza horren ostean, espeleologia-zaleek "Abiadura Handiko Trenaren lanek herrian egindako enegarren triskantza irmoki salatu" gura izan dute: "Lezetxiki modu horretan suntsitzea onartezina da, Arrasateko eta Euskal Herriko ondare arkeologiko garrantzitsua eta guretzako kobazulorik kuttunena baita".
Aztarnategian "kalterik ez"
Alabaina, aztarnategi arkeologikoan kalterik sortu ez dela adierazi dute Arrasateko Udal Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak. Eremu hori Babes Bereziko Ondasun izendatu zuen 2022ko ekainaren 28an Eusko Jaurlaritzak, eta Lezetxikiko kobazuloetan eta haren azpiko galerietan –Leibar eta Lezetxiki II– dauden interes arkeologiko eta paleontologikoko aztarnategiek eta Lezetxikiko Harpeako babeslekuak osatzen dute.
Batzarra Arrasateko udaletxean
Gaiaz arduratuta, Udal Gobernuak deituta batzarra egin zen atzo Arrasateko udaletxean. Alkatearekin eta Udaleko beste kide batzuekin batera, Besaide Mendizale Elkartea, Lezetxikiko aztarnategian aditua den Alvaro Arrizabalaga arkeologoa eta Arrasate Zientzia Elkarteko kideak izan ziren. Ostean, ohar bidez, zera eman zuen aditzera Arrasateko Udal Gobernuak: "Lezetxikiko aztarnategiak ez du kalterik izan". Eta gehitu zuen: "Lezetxiki-Leibar karstaren eremu baten gertatu da lur-jausia, AHTaren tunel batetik oso hurbil. Ezagutzen diren planimetrietan Lezetxiki-Leibar karstak eta AHTaren tunelak urrun egon beharko lukete, eta ez alboan, komunikabideetan agertzen diren argazkietan bezala. Hau horrela, funtsezkoa da eremuaren planimetria zehatza izatea".
Horretaz gain, ohartarazi zuen "funtsezkoa" dela jakitea lur-jausia gertatu den eremuan "kontrol arkeologikorik" egin den edo ez; sedimentu arkeologikoak baleude, potentzialitate arkeologikoa izango lukeelako eremuak.
Salaketa ugari
Gaiak hainbat erreakzio sortu du. AHT Gelditu! Elkarlanak hauxe salatu du: "Aurrerabidearen eta modernitatearen izenean, gure iragana sarraskitzeaz gain, gure etorkizuna ere sarraskitzen ari dira". EH Bilduk azalpenak eskatu dizkie Jaurlaritzari eta Espainiako Gobernuari. Gipuzkoako Elkarrekin Podemosek eta Debagoieneko Ezker Anitzak, bestalde, informazioa eta txosten independente bat egitea eskatu dute.
Adif-i, "informazio eguneratua"
Arrasateko udaletxean Udal Gobernuko kideek eta herriko hainbat natura eta ondare taldek eta adituk atzo egindako batzarrean erabaki zuten Arrasateko Udalak eskatzea Adif erakundeari –eremu horretan Abiadura Handiko Trenaren eraikuntza lanen ardura duen Espainiako Gobernuaren mendeko erakundeari– "obren inguruko informazio eguneratua" helarazteko. Horretaz gain, baita zein izan den kalteen arrazoia eta nori egotzi dakizkiokeen. Eta Adifek ze neurri hartuko dituen gertatutakoaren aurrean.
Arrasateko Udalak, edozelan ere, harremanetan jarraituko du beste erakunde publikoekin eta aurreratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko arkeologo talde bat bertaratuko dela eremua aztertzera.