Maria Ubarretxena: "Ausardiaz eta erantzukizunez egin diogu aurre ziurgabetasunari"

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko urt. 10a, 10:00

Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea, Iturriotz kalean.

Urretxuarra jaiotzez, 2002a ezkero bizi da Arrasaten Maria Ubarretxena (Urretxu, 1980), eta 2015ean hartu zuen Arrasateko alkate kargua. Zortzi urteren ostean, beste lau urtez alkate izateko hautagaitza aurkeztu du. Agintaldia "ziurgabetasun egoeran" igaro bada ere, Udal Gobernuak zailtasunei aurre egin diela uste du.

Nolako agintaldia izan da, oro har?

Ziurgabetasun egoera orokor baten baitan daramatzagu azken urteak: pandemia, Ukrainako gerra, inflazioa eta abar. Horrelako egoeretan, gestioa ez da erraza, baina pozik gaude. Zailtasunei aurre egin diegu, ausardiaz, erantzukizunez eta genituen proiektuak aurrera eramanez: Ekobulebar-a, Juan Arzamendi Musika Etxea, Kulturola, bidegorriak, igogailu publikoak eta abar. Agintaldi txukuna izan dela uste dut, eta Arrasateri bultzada eman diogula, hurrengo agintaldirako bidea markatuz.

"Azken urteotan, bultzada eman diogu Arrasateri"

Pandemiaren gestioan asmatu egin du Udal Gobernu honek?

Gauza batzuetan bai eta beste batzuetan ez. Inoiz bizi izan ez den egoera batean %100 asmatzea ez da posible. Halere, familia zaurgarrienak babesteko aktibatu genituen laguntzek eta erosketa-bonuek harrera bikaina izan zuten. Aldiz, Gabonetan Biterin kulturari laguntzeko asmoz jarri genuen karparen harira, aldeko zein kontrako iritziak jaso genituen.

Azken zortzi urteotan Arrasate eraldaketa-prozesuan dagoela diozu. Zertan oinarritzen ari da eraldaketa hori?

Herria komunitatearentzat berreskuratzen ari gara, espazioak oinezkoentzat eta bizikletentzat irabazten, elkarbizitzarako eta sorkuntzarako guneak aktibatuz, herriaren irisgarritasuna, oro har, hobetuz eta trantsizio energetikoan aurrera eginez. Gobernantza kolaboratiboaren eredua aplikatuz eta prozesu parte-hartzaileen bitartez, denon artean ari gara Arrasate eraldatzen.

Zertan asmatu du Udal Gobernuak?

"Herriko kulturari baliabide egokiak eman dizkiogu"

Batetik, herriko kulturari eta musikari baliabide egokiak eskaintzen. Bestetik, gizarte bazterkeria egoeran dauden arrasatearren lan-munduratzea sustatzen duen Lan-R-Bai proiektuarekin eta San Juan Dios ospitalearekin elkarlanean gure gazteek trebezia soziala eta jokabideak hobeto kudeatzeko EKKO proiektuak martxan jarriz.

Eta zertan huts egin du?

Ez gara gai izan herriak behar dituen hainbat proiektutan oposizioaren konplizitatea lortzeko. Iruditzen zait herritarrek eskatzen dutela alderdiak gai izatea akordioetara iristeko, batez ere, gai garrantzitsuetan, eta hor alderdi guztiok egin beharko genuke autokritika-ariketa bat.

"Ez gara gai izan hainbat proiektutan oposizioaren konplizitatea lortzeko"

Zein da harremana oposizioarekin?

Egunerokotasunean, harremana normala da. Batzordeetan lan egiten da, proiektuak partekatzen dira, proposamenak lantzen dira. Osoko bilkurak, aldiz, eszenifikatzeko erabiltzen direla esango nuke eta sentsazioa daukat alderdi politikoek kanpotik gidatuta egiten direla, gainera, ezberdintasunak eta kritikak akordioaren gainetik nabarmentzeko. Ez dut uste herriarentzat estrategia ona denik hori.

Alde zaharreko zuntz optikoa; ze puntutan dago?

Lehen fasea amaituta dago eta bizilagun batzuek kontratazioa egiteko aukera dute dagoeneko Mas Movilekin. Prozesua uste baino luzeagoa izaten ari da, kalean ikusten diren obrez harago, ikusten ez diren tramite asko egin behar direlako; batez ere, etxebizitzen atarietan eta etxe barruetan. Hala ere, lanak aurrera doaz eta Erdiko kalekoak, esaterako, bukatu dituzte.

Jada urtebete pasa da TAO martxan jarri zenetik; zein da balorazioa?

Aldaketa potoloa izan da, herritar guztioi zuzenean eragin diguna eta egunerokotasunean ohiturak aldatzera behartu gaituena auto pribatuaren erabilerari dagokionez. Baina onura asko ekarri ditu; adibidez, trafikoa baretzea, zarata murriztea, garraio publikoa gehiago erabiltzea, aire kalitatea hobetzea eta CO2 isurien murrizketa. Urtebetean aldaketa batzuk egin dira eta gaiaren gainean jarraitzen dugu. Neurrien egokitasuna baloratzeko, adituen neurketak eskatu ditugu eta datorren urtean izango ditugu datu objektiboak.

'Ekobulebar'-a; hasierako proiektuarekiko hainbat aldaketa izan ditu gauzatu denak. Zergatik?

Batetik, autobus geltokiaren aldaketa; eta, bestetik, Garibai etorbidearen oinezkotzea. Ekobulebar-aren obrak zirela eta, geltokia behin-behinekoz aldatzea erabaki zen, obrek iraun bitartean garraio publikoaren erabiltzaileak ez nahasteko. Horrek ekarri zuen Garibaiko bizilagunen eskaria etorbidea oinezkoentzat egiteko, eta, Ekobulebar-aren espirituarekin bat egiten zuen eskaera zela ikusirik eta horren aldeko bozketaren emaitzak zituztela ikusirik, aintzat hartu zen haien eskaera.

Zalduspeko behin-behineko geltokia ondo ari da funtzionatzen?

Datu objektiborik ez dugu, baina egia da autobus gutxiago sartzen dela erdigunera. Oraingoz, naturaltasunez ari da funtzionatzen, baina herritarrek esango dute. Datorren agintaldian berrikusi beharko da Hiri Antolamendurako Plan Orokorra, zortzi urte baititu, eta erabaki beharko da behin betiko autobus geltokia non kokatzen den. Hor geratzea da aukeretako bat.

Santa Teresako igogailuak jartzeko lanak noiz bukatuko dituzte?

Datorren agintaldian. Obrak normaltasunez doaz aurrera. Auzoaren irisgarritasuna nabarmen hobetuko dela uste dugu, Erguinen eta Makatzenan gertatu den bezala. Auzo horietan nabaritu dugu igogailu publikoak egin direnetik herribusaren erabilera jaitsi egin dela, oinezkoen mesedetan. Oinezkoei erraztasunak ematea funtsezkoa da.

Berdintasun arloan ze norabidetan aritu da Udal Gobernua?

Joan den agintaldian biolentzia matxistaren aurkako plana egin zen, modu parte-hartzailean, eta agintaldi honetan plana gauzatzeari ekin zaio. Gainera, baliabideak nabarmen handitu dira, bai langileetan eta baita aurrekontuan ere. Emakume Txokoak lan ikaragarria egiten duela uste dut eta zinegotzia ere fin ari da sailaren kudeaketan.

Emakume Txokoaren lekualdaketa ze egoeratan dago?

Hasieran, Uarkapera egin behar zen. Proiektua idatzi zen, baina, exekutatzeko gertu zegoela, azken unean oposizioak zalantzak plazaratu zituen, eta proiektua gelditzeko eskatu. Hala, ez genuen lekualdaketa gauzatu, adostasuna bilatzeko ideiarekin. Ondoren, oposizioak Monterron jauregira lekualdatzea planteatu zuen, baina, eraikina babestua denez, zailtasun teknikoak agertu ziren horretarako. Tren geltoki zaharra ere aukera bat zen, baina, ospitale zaharra botako dutenez berria egiteko, bertan txertatu dituzte ospitaleko hainbat zerbitzu eta gaztelekua. Hala, aurtengo aurrekontuan ere diru partida bat jarri dugu beste kokapen batzuk aztertzeko.

Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola; luze joan diren arren, amaituta daude.

Kosta da amaitzea, baina oso pozik gaude emaitzekin. Halere, eraikinak bizitzaz eta kulturaz blai ikustea da benetako emaitza; Kulturola funtzionamenduan dago eta laster ikusiko dugu aktibitatez beteta Juan Arzamendi Musika Etxea ere, ikasturte bukaera baino lehen.

Monterron eraikina hutsik geratuko da; zer egingo duzue?

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua Arrasatera ekartzeko lanean ari gara. Gaur egun, Gasteizen dago egoitza, baina zahartuta dago eta ez dago leku egokian. Arrasate izanik mundu kooperatiboaren epizentro eta mundu mailan erreferente, horrelako organo publikoa herrian izateak zentzu osoa du. Aztertzen ari gara guztion artean eta oraindik ez dugu ezezkorik jaso.

Udal Euskaltegi berria ere badu Arrasatek; pozik?

Bertako langile zein ikasleak pozik ikustea da gehien asetzen nauena. 40 urtean ez zaio baliabide material egokirik eskaini eta Kulturolan kokatzea intentzio guztiarekin harturiko erabaki politikoa izan zen, euskal kulturak eta hizkuntzak harreman estua izan zezaten.

Kirol Azpiegituren Plana aurkeztu duzue; ze itxura du?

Behin kultura azpiegitura duinak bukatuta eta ordainduta, unea da Arrasatek behar dituen kirol azpiegiturei ekiteko. Egoera finantzarioa osasuntsua da, prozesu parte-hartzaileak hainbat elementu finkatu ditu eta proiektuari bultzada emango diogu.

35 milioi euroak nondik aterako dituzuen galdetu du oposizioak.

Epe motz eta ertaineko planifikazio ekonomiko serio batean oinarrituta ordainduko da plana. Azken bi agintaldietan 45 milioi eurotik gora inbertitu ditugu herrian eta finantzatzeko gai izan gara, zero zorrekin.

Trantsizio energetikoaren aldeko apustua egiten ari zarete.

Aspalditik ari gara arlo horretan lanean, besteak beste, SHREC, Ekiola eta Debagoiena 2030 ekimenen bitartez. Halaber, Juan Arzamendi Musika Etxea eta Kulturola ere efizienteak dira energiari dagokionez, argiteria publiko guztia aldatzen ari gara eta Uarkapeko teilatuan plakak jarriko ditugu aurten.

Zertan da Elma eraikinean herritarrendako zerbitzuak egiteko asmoa?

Saiatu gara Kontsumobideren bulegoa ekartzen, esaterako. Oraindik ez dugu lortu, baina ateak ez daude itxita. Gainontzeko instituzioen zerbitzu publikoak ekartzea ez da erraza, baina saiatzen ari gara. Hizkuntza Eskola Ofizialaren eskolak ekartzea lortu genuen eta bide horretan dihardugu lanean.

Alkategai gisa aurkeztuko zara maiatzean; ze helbururekin?

Arrasatek salto kualitatiboa eman beharra dauka. Gure herria beti izan da erreferentea arlo askotan eta merezi duen lekua eman behar diogu Gipuzkoan eta Euskadin. Horregatik, ilusioz beteriko eta etorkizunera begirako proiektu asko ditugu Arrasaterentzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak