Arrasateko 2023ko udal aurrekontua onartu du udalbatzak, oposizioaren babes barik

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 16a, 12:19

39.656.745 euroko aurrekontua da abenduko osoko bilkuran onartu dutena. Udal Gobernuak adierazi du "zuhurtziarekin, anbizioarekin eta erantzukizunarekin" landutako aurrekontua dela eta EH Bilduk, kontrara, "motela eta edukietan eskasa" dela nabarmendu du. Azken horrek eta Podemos Arrasatek aurka bozkatu dute.

Udal Gobernuak duela hilabete aurkeztutako aurrekontu proposamena onartu du udalbatzak abenduko osoko bilkuran. Anuska Ezkurra Gobernuaren bozeramaileak azaldu du "zuhurtziarekin, anbizioarekin eta erantzukizunarekin" landutako aurrekontua dela. Ziurgabetasun handia dago oraindik. Gainera, agintaldiko azkeneko aurrekontua da. Krisia herritar guztiok nabaritzen ari gara eta, beraz, zuhurrak izan behar gara", dio. Dena dela, anbizioa ere nabarmendu du: Bi Proiektu izarrak bukatu ostean [Kulturola eta Juan Arzamendi Musika Etxea], etorkizuneko Arrasate irudikatzen hasi gara. 2023an ere pintzelada batzuk sartu ditugu anbizio hori islatzen dutenak". Horietako bat da, esaterako, kirol azpiegituren mapa. "Orain, gaiari seriotasunez heltzeko moduan gaude".

Era berean, sozialisten bozeramaile Aritz Muruak azpimarratu du "herriaren errehabilitaziorako, kirol instalazioen hobekuntzarako, kaleen asfaltatzerako, emakumeen ahalduntzerako eta herritarren ongizaterako" aurrekontua izango dela.

EH Bilduren bozeramaile Maider Morrasek, kontrara, adierazi du "motela eta edukietan eskasa" dela aurrekontua. "Berdintasunean eta Emakume Txokoan ia ez duzue lanik egin, ezta merkataritza txikiaren alde ere. Gainera, ausardia eta anbizioa gai sozialean izatea espero nuen. Ez zara izan gai azaltzeko aurrekontu hau herritarren ongizatera begira egindakoa dela", dio, Ezkurrari erantzunez. "Zuen proiektu izarra kiroldegia zen eta lau urtetan ez duzue ezer egin. Orain, korrika eta presaka egingo duzue", gaineratu du.

Hala, EH Bilduk 39 emendakin aurkeztu dizkio proposamenari, bereziki trantsizio ekologikoan eta justizia sozialean oinarritutakoak. Horietatik zazpi bakarrik ikusi ditu begi onez Gobernuak, baina aipaturiko bi arlo horietako bat bera ere ez, eta hori ez zaio nahikoa iruditu. Beraz, aurka bozkatu du.

Podemos Arrasatek ere aurka bozkatu du, haien eredua eta Gobernuarena bat ez datozela argudiatuta. "Hirigintzak eta Obrak eta Zerbitzuek aurrekontu osoaren %53 hartzen dute eta Hezkuntzak, Enpleguak, Gizarte Zerbitzuak eta Berdintasunak %16 besterik ez. Azken hori, gainera, ez da %1era iristen. Hor ikusten da Udal Gobernuaren norabidea zein den", esan du Eva Abuin bozeramaileak.

Alde zaharreko plan berezi berria

Aurrekontuaz gain, Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria ere onartu du udalbatzak, azken urteetako parte-hartze prozesua bukatuta. Horrek, hainbat aldaketa ekarriko ditu alde zaharrean. Esaterako, dendetako erakusleihoek altuera bezalako zabalera izan ahalko dute aurrerantzean, orain arte ez bezala. "30 urte zeramatzan aldatu gabe eta herriak aldaketa eskatzen zuen, batez ere tokiko merkataritzak, erakusleihoen mugak zirela eta. Orain, aldaketa gauzatu da eta, gainera, modu parte-hartzailean egin da, hirigintza aholku kontseilua batu da eta hainbat bilera egin dira askotariko eragileekin. Esan behar da kontsentsuz landu dela eta kontsentsuz hartu direla erabakiak aldaketa horiek egiteko eta hori oso berri ona da", azaldu du alkateak. 

EH Bildu abstenitu egin da puntu horretan, hainbat gairekin ez baitago ados. "Adibidez, Alai zinema erabilera publikorako eraikin bat zen, hau da, herrirako eraikin bat, eta hor etxebizitzak egiteko aukera eman du Udal Gobernuak. Gu horrekin ez gatoz bat", dio Morrasek.

Eugenio Uribarrenen agurra

Halaber, Eugenio Uribarren jeltzaleak uko egin dio zinegotzi karguari, osasun arazoak direla-eta, eta Vicente Ignacio Echeverriak ordezkatuko du, udalbatzak aho batez onartu ostean. EAJk, EH Bilduk zein alderdi sozialistak eskerrak eman dizkiote Uribarreni, azken urteetan egindako lan guztiagatik, eta hura ere esker onez agurtu da. "Hemendik pozik eta lagun askorekin irteten naiz", nabarmendu du.

Sozialisten mozioak ez du aurrera egin

Alderdi sozialistak urriaren 31 dela-eta, gerra zibilaren eta diktaduraren biktimak oroitzeko eta omentzeko mozioa aurkeztu du, baina EAJk eta EH Bilduk ezezko botoa eman dute, eta ez da onartu. Podemos Arrasate abstenitu egin da.

Pintaketa gaitzesteko adierazpena

Azkenik, Udal Gobernuak adierazpen bat egin du Maria Ubarretxenaren etxeko atarian egindako pintaketak gaitzesteko, Bizikidetza Batzordean ez baitute lortu adierazpen bateraturik egiterik. Hala, alkateari baino, Maria herritarrari egindako erasoa izan zela adierazi dute.

Udal Gobernua, adierazpena irakurri ostean.

"Lehenik, guztiz arbuiatzen dugu erasoaren eta jazarpenaren erabilera egungo demokrazian. Beste garai batzuk dira. Bigarrenik, politika egiteko errespetua aldarrikatu gura dugu. Iritzi desberdintasuna eta kritika helaraztea posible da, baina beti errespetu baten baitan. Azkenik, eskerrak eman nahi ditut, jaso ditudan mezu eta dei guztiengatik: lagun, senide, bizilagun baina, batez ere, herritar askoren partetik", adierazi du alkateak.

Oposizioko taldeek, "Bizikidetza Batzordeari zor zaion errespetuagatik", ez dute adierazpenik egin gaiaren harira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak