Arrasateko alkatearen atarian egindako pintaketa gaitzetsi du herriko Udal Gobernuak

Oihana Elorza Gorostiza 2022ko abe. 8a, 16:05
Arrasateko alkatea bizi den atarian egindako pintaketa.

"Mozalik ez, adierazpen askatasuna" dioen pintaketa egin dute bart Arrasateko alkate Maria Ubarretxenaren etxeko atarian. Udal Gobernuak gaitzetsi egin du ekintza, gehituz ez dela egia Mozal Legerik aplikatzen denik Arrasaten. Babesa ere eskaini dio alkateari.

Arrasateko Udaleko Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE alderdiek adierazi dute "irmoki gaitzesten eta arbuiatzen" dutela Maria Ubarrenetxena herriko alkatea bizi den etxeko atarian bart egindako ekintza, eta "babes osoa" adierazi nahi diote "Mariari eta bere familiari". Datorren astelehenean egingo duten bozeramaileen bilerara gaia eramango dutela ere gaineratu dute.

Arrasateko Udal Gobernuak bidalitako oharrak jasotzen duen moduan, Mozalik ez, adierazpen askatasuna irakur daitekeen pintaketa egin dute alkatearen atarian. "Gertakari hau norberaren eta familiaren askatasunaren aurkako eraso larria da, herriko alkatea hertsatzeko, beldurtzeko eta jazartzeko helburu bakarrarekin. Ondorioz, salaketak jarri dira Udaltzainetan eta Ertzaintzan, jazarpena eta kalteak eragiteagatik".

Pintaketa horren arrazoia ulertzen ez dutela ere gaineratu du Udal Gobernuak oharrean: "Ez dugu ulertzen pintada horren arrazoia, ezta alkateari zuzentzeko arrazoia ere. Beste goiz bat irainez eta errespetu faltaz, zentzurik gabe, eskrupulurik gabe, arrazoirik gabe. Ez da egia Arrasaten Mozal Legerik aplikatzen denik. Arrasaten hainbat leku ditugu gure iritzia emateko. Adierazpen askatasuneko herri batean bizi gara, eta adierazpen horrek guztiekiko errespetuzkoa izan behar du".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak