Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria izango du Arrasatek

Eneko Azurmendi Barrena 2022ko abe. 15a, 15:16

Irati Topgunearen ondoko bi partzelei, Arotz plazakoei, eraikigarritasuna kenduko die plan berriak, ezingo da ezer eraiki hor.

Udal Gobernuak gaur jakinarazi ditu Arrasateko Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berriaren inguruko xehetasunak. Ezustekorik ezean, geroko osoko bilkuran onartuko dute puntua, eta 2019an hasitako bidea bukatu.

Behin herritarren proposamenak landu eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren iradokizunak uztartu ostean, Hirigune Historikoaren Birgaitze Integraturako Plan Berezi berria du Arrasatek, eta hainbat aldaketa eragingo ditu horrek. Esaterako, erakusleihoen zabaleraren gaineko araua "asko" malgutuko da, eta karratuak izan ahalko dira. Hau da, erakusleihoek altuera bezalako zabalera izan ahalko dute aurrerantzean. Bestalde, kontuan izanik alde zaharra almendra-k eta errebalak osatzen dutela, errebalen babes maila malgutu egingo da, 26/1997 dekretuaren "zorroztasunetik" askatzen baita. "Adibidez, trastelekuak egiteko sotoak eraiki ahal izango dira, fatxadetan begiratoki berriak jarri ahal izango dira eta Biteri plazara ematen duten fatxadetan toldoak jarri ahal izango dira", dio Ibon Arrupek, Hirigintza Saileko batzordeburuak.

Era berean, aisialdirako gune irekiak eta berdeguneak egonkortu dituzte eta Arrasate hotelaren atzealdeko partzelari (Maalako errebala) eta Ferrerias kaleko Irati Topagunearen ondoko bi partzelei, Arotz plazakoei, eraikigarritasuna kendu zaie, eta espazio publiko bihurtu. Hala, hiru partzela horietan ezingo da ezer eraiki.

Gainera, abandonatutako eraikinak berreraikitzean ordaindu beharreko karga urbanistikoei aurre egiteko hobariak ezarri dituzte.

Udal zerbitzuak alde zaharrean

Horrez gain, "udal zerbitzu publikoak alde zaharraren muinean mantendu eta etorkizun batean eremu honetatik kanpo daudenak ere bertara ekartzeko", Erdiko kalea 11 eta Zeharkale Estalia 1 eraikinei kalifikazioa aldatu zaie, eta etxebizitza erabilera izatetik zerbitzu publiko erabilerara pasatu dira. "Zeharkale Estalia 1 zenbakiaren %50 baino gehiagoan dagoeneko udal zerbitzuak daude ezarrita", dio Arrupek.

Halaber, Iturriotz 13 zenbakian, lehengo Alai zineman, etxebizitzak egin ahal izango dira; betiere, beheko solairuan udal zerbitzu publikoak eskaintzeko aukera bermatzen bada.

"Erakargarritasuna" helburu

Arrupek nabarmendu du hirigune historikoan indarrean zegoen hirigintza araudi "murriztaileak", Erdi Aroko almendra-ren monumentu izaera babesteko 2000. urtean ezarritakoak, "arazo ugari" eragin izan dituela herritarren eta merkatarien beharrizanekin uztartzeko. "Begiratokiak edo toldoak ezartzerako, erakusleihoak handitzeko, zuntz optikoa instalatzeko edo lurpeko garajeak eta sotoak eraikitzeko, arazoak sortzen zituen". Hori dela eta, araudi berriak alde zaharra "erakargarriago" egitea du helburu, "bizitzeko eta lan egiteko hirigune bilakatuz, baina haren monumentu izaeraren kontserbazioaren arteko oreka mantenduz", azaldu du Arrupek. "Alde zaharra biziberritu nahi dugu bi ideia nagusiren bueltan: Alde zahar bizi eta eraberritu bat".

2019an hasitako prozesua

1997an, Eusko Jaurlaritzak 26/1997 Dekretuaren bitartez Monumentu Multzo izendatu zituen Arrasateko alde zaharraren almendra osatzen duten Ferrerias, Erdiko Kalea eta Iturriotz kaleak.

Gerora, 2000n osatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak Arrasateko Alde Zaharraren Birgaitzerako Plan Berezia, eta, monumentu multzoaz gain, Maalako errebala, Olarte eta Gazteluondo kaleak babestu zituen. 2019an, Arrasateko hainbat eragileren adostasunarekin, garai berrietara egokitzeko plan berezia berrikusteko prozesua ireki zuen Udalak. Hogei proposamen jaso ondoren, 2020an eta 2021ean, aholku kontseiluarekin batera, proposamenak landu zituzten, eta onartu berri duten hori da emaitza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak