EH Bilduk 39 emendakin aurkeztu dizkio Gobernuaren aurrekontu proposamenari, bereziki bi zutabetan zentratuz, gaur egun gizarteak bizi duen egoera aintzat hartuta: trantsizio ekologikoa eta justizia soziala. "Funtsezko bi zutabe horietan egindako proposamenetatik, EAJk eta PSE-EEk ez dute proposamen bat bera ere onartu", dio Morrasek.
Ekonomiari dagokionez, une "kritikoan" dagoen tokiko merkataritzarekin lotutako proposamenak sartu ditu EH Bilduk, baita turismo jasangarriari lotutakoak, ekimen ekonomiko, sozial eta kulturalentzako bestelako proposamen batzuk ere. "Guztiak herriko ekonomia txikia indartzera begira".
Herriaren zaintzan, batetik, Arrasateko ondare historikoaren kuantifikazioa, zaintza eta ezagutza zabaltzeko proposamenak egin ditu koalizioak, "ondare historikoaren inbentarioa eskatuz eta Portaloiko atearen eta Zerrajerako arkuaren eraberritzeak eskatuz". Bestetik, herria ikuspegi hezitzaile eta integral batetik lantzeko Arrasatek Hezi proiektua berreskuratzeko eskatu dute, baita hileta zibilentzat espazio estalia aldarrikatu ere. "Gehiegi luzatzen ari da herritarren agur zibilak burutzeko espazio duin baten gauzapena".
Urratsak trantsizioan
Trantsizio energetiko eta ekologikorako urratsak lehen urratsak emateko hainbat proiektu proposatu ditu EH Bilduk. Batetik, trantsizio plana lantzeko orduan garrantzitsuak diren azterketak egitea eskatuz, eta, bestetik, herritarrek krisi energetikoaren aurrean berehala eman ditzaketen urratsak ematen laguntzeko bulego informatiboa proposatuz. "Besteak beste, gas eta elektrizitate faktura eta kontsumoak ulertzeko informazio gunea izateko bokazioaz gain, tarifen eta konpainien migrazioetan lagunduko luketen teknikariez osatuta egongo litzatekeena". Halaber, Mojategiko argiteria aldatzeko, Next Generation dirulaguntza baliatzea ere eskatu du. "Gaur-gaurkoz, Arrasateko instalazioen artean gehien kontsumitzen duten argiteriak dira, teknikarien esanetan".
Euskarari eta kulturari bultzada
Euskarari eta kulturari erreparatuz, besteak beste, helduentzako euskara ikasketak doakoak izateko eskatu dute. "Horrez gain, Udaletik ekimenak burutu behar ditugu euskararen ezagutza eta erabileran urratsak aurrera eramateko eta horretarako baliabideak gehitu eta erraztasunak eskaini".
Kultura arloan, besteak beste, Kulturolarako dinamizazio zerbitzua eta Juan Arzamendi Musika Etxerako sormen beka bat eskatu dute, "egonaldi artistikoa bertan gauzatu dadin".
Ongizatea, justizia soziala eta berdintasuna, funtsezkoak
Gai horiei lotutakoak proposamen guztien %44 dira. "Gizarte ezberdinkeriak areagotzen ari diren honetan, gizarte politika aurreratu eta komunitarioak martxan jarri behar ditugu, asistentzialismotik harago gure herrikideei berdintasunean bizitzeko mekanismoak eskaintzeko ahalegina egin behar dugularik".
Hala, honakoak dira proposamenetako batzuk: etxe hutsen azterketa egitea, Arrasateko egoera ezagutzeko, "azken azterketa 2012koa baita"; Emakume Txokoaren lekualdatzea; Andredetan programa berraktibatzea, aurrekontuetan genero azterketa txertatzea; gazteendako aterpe bat; lanketa hezitzaileak indartzeko partidak eta diru-sarrera baxuak dituztenek psikologia zerbitzuak ordaintzeko dirulaguntza partida bat.
Azkenik, zera nabarmendu du Morrasek: "Neguko aterpetxea ere eskatu dugu, bigarren legealdia izango baita Arrasaten aterpe gabe gaudena. Era berean, Iturbide egoitzaren kanpo aldea egokitzeko partida eskatu dugu, izan ere, pasa den urtean proiektua idazteko akordioa lortu genuen, baina Udal Gobernuak proiektua kaxoian sartu eta ez du gauzatu nahi".