Txatxilipurdik, Bagarak eta Udalak elkarlanean landutako proiektua da Arrasatek Hezi, herria ikuspegi hezitzaile batetik hobetzea helburu duena. Arrasate ikuspegi hezitzaile batetik hobetzea hezkuntzako eragileei bakarrik ez dagokiela sinistuta, 2014ko urrian abiatu zuten proiektua. Sei interes talde definitu zituzten orduan eta horiekin bilera irekiak egin dira: hezkuntza formala, hezkuntza ez-formala, eragile sozialak, adituak zein arituak, haur, nerabe eta gazteak, herritarrak eta Udaleko Sailak.
Pozik orain arteko bidearekin
Gogoetarako fase hori martitzen iluntzean amaitu zuten, Kulturaten egindako bateratze saio jendetsuan; orain arte egindako bidean izandako parte hartzearekin eta jasotako ekarpenekin pozik daude sustatzaileak: "Parte hartzearen aldetik oso pozik gaude. Askotariko eragileek hartu dute parte; hezkuntza arloko guztiek eta, neurri txikiagoan bada ere, baita eragile sozialek ere. Era berean, aipatzekoa da herritarren aldetik jasotako ekarpenak, 130 galdetegi inguru jaso ditugu-eta. Parte hartze hori eskertzekoa da", adierazi du Txatxilipurdiko Amaia Etxabek. Martitzeneko bateratze saioan hiru ildo nagusiren gainean jardun zuten; haur eta gazteen aisialdia, kulturartekotasuna eta hiri antolamendua.
Udalaren "babes osoa"
Epe luzerako proiektua da Arrasatek Hezi, "iraunkorra" izateko asmoa du eta herriko ezaugarriak kontuan hartu gura ditu: "Gaurko [martitzeneko] saioaren ostean abiatzen da gure ekimena", esan zuten, besteak beste. Bide horretan Udalaren "babes osoa" izango dute: "Bi helburu nagusi markatu genituen: ikuspegi hezitzailetik bide berriak jorratzea eta egungo errealitatearen diagnostiko bat egitea. Orain arte sekulako lana egin da eta aurrerantzean plangintza findu beharko dugu, epe luzerako proiektua delako. Udalak proiektuaren aldeko apustu irmoa egiten du; ez bakarrik Hezkuntza Sailak, baizik eta Udaleko Sail guztiek", dio Hezkuntza zinegotzi Amaia Larrañagak.
Ekarpenak errealitate bihur daitezen ekintza plana diseinatu, antolaketa eredua landu, lantalde ezberdinak egin eta azkenik ekintza plana martxan jarriko dute. Beste bi saio egingo dira, martxoaren 10ean eta apirilaren 21ean.