Ondasun eta Zerbitzuen sarreretara 1.350.000 euro bideratu gura ditu Gobernu taldeak eta inbertsioetara, berriz, 645.000 euro gehiago. Maria Ubarretxena alkatearen esanetan, gizarte zerbitzuak eta sustapen ekonomikoa bultzatzeko ekimen eta proiektuak indartu gura dituzte, eta "proiektu estrategikoei" bide eman. Honako hauek nabarmendu ditu: "Batez ere Santa Teresako igogailu sistema publikoa bukatzera eta hura berroneratzera bideratutako diru partida eta Etxe Txikien berrurbanizaziora bideratutakoa. Halaber, trantsizio energetikoan sakondu eta kirol azpiegituren prozesua garatu gura dugu. Behin kultura eraikinak amaituta, seriotasunez ekingo diogu kirol azpiegituren planari".
Dirulaguntzak eta Foru Funtsa
Gobernua diru publikoaren kudeaketa "zuhurra baina ausarta" gauzatzen ari dela adierazi du Ander Garayk, Ogasun zinegotziak. "Horren erakusle da urte hauetan lortutako dirulaguntza kopurua. 2015ean, Udalak, 216.000 euro jasotzen zituen batez beste eta 2023an 2.100.000 jasoko ditu". Halaber, Foru Funtsak ere "igoera nabarmena" ekarri du, bost milioi euro gehiago, "ekonomiaren martxa onari esker". Hori hala izanik, Udalaren finantza egoera "oso osasuntsua" dela dio Garayk. "Aurrekontu proposamen honek ez dakar inongo zorpetzerik, beraz, zero zor egoeran jarraituko dugu".
Giza garapenera, %6,6 gehiago
Garapen Komunitarioko sailak %6,6ko igoera izatea gura du Gobernuak, 4.156.000 euro bideratuta. "Gizarte kohesioa bermatzea dugu jomuga, laguntza eta programa sozial oro mantenduz eta beharra izanez gero, horiek handitzeko konpromisoarekin", dio alkateak. Berritasunei dagokienez, droga-mendekotasunari aurre egiteko bi partida berri ezarriko lirateke: alde batetik, dirulaguntzetarako 18.000 euro eta, bestetik, droga-mendekotasuna prebenitzeko EKKO proiekturako, 92.000 euro. Horrez gain, Garibai etorbideko eguneko zentro berriko arreta zerbitzua martxan jartzeko eta zerbitzua eman ahal izateko, 61.500 euro bideratuko lituzke Gobernuak.
Hirigintzara, %26 gutxiago
Proposamenaren arabera, Hirigintza sailak 3.981.000 euroko aurrekontua izango luke, 2022an baino %26 gutxiago. Santa Teresako igogailuetara 1.210.000 euro bideratuko lirateke; Etxe Txikiak berrurbanizatzeko, 750.000 euro; Gorostiza auzorako igogailu sistemaren proiektua egiteko, 40.000 euro; Jose Luis Iñarrako obrak hasi ahal izateko, 35.000 euro; Grupo San Juaneko proiektua egiteko, 30.000 euro; San Andresen, Takoloko biribilgunerako bidean, bidegorria egiteko proiekturako, 25.000 euro; Mugikortasun Planaren berrikuspenerako, 22.000 euro; bidegorri sarearekin jarraituz, San Frantziskotik Musakolarako Ekobulebar-aren proiektua egiteko, 20.000 euro; San Andreseko Gudarien plaza berrurbanizatzeko proiektua egiteko, 20.000 euro; Gesalibarko urbanizaziorako, beste 20.000 euro eta kobazuloen garbiketa egiteko, 5.000 euro.
Obra eta Zerbitzuetara, diru gehien
Aurrekonturik altuena Obra eta Zerbitzuen sailak izango luke: 13.979.000 euro, iaz baino %12,62 gehiago. "Parke eta lorategien mantenurako kontratua handitu egin da lorezaintzako langileekin akordioa lortu ostean. Partida 1.037.500 eurokoa izango da 2023 urterako, 300.000 euro gehiago", azaldu du Victoriano Fuentesek, Obrak, Zerbitzuak, Mantentzea eta Auzoak saileko zinegotziak. Era berean, Santa Teresan eta Doneztebe Portukon birgaitze proiektua gauzatu ahal izateko 1.000.000 euroko partida ezarri gura du Gobernuak. Haurrei begira, hiru parketan esku hartu gura du: Aprendices kaleko parkea estaltzeko, 100.000 euro; Santa Barbaran natur jolas parke bat egiteko, 100.000 euro eta Obenerrekako parkea berritzeko, 50.000 euro. Azkenik, Musakola auzoan aterpe bat jartzeko, 50.000 euro bideratu gura ditu Gobernu taldeak.
Kirol azpiegiturak indartu
Kirol Azpiegituren Planaren garapenari "seriotasunez" helduko diotela dio alkateak. "Prozesu parte-hartzailea burutu ostean eta plangintza zehaztuta, lehen inbertsioak egingo ditugu 2023an". Kirol instalazioen mapa osatzen hasteko, 200.000 euroko partida bat jasotzen du aurrekontu proposamenak. Era berean, datorren urtean Iturripeko kiroldegia berritzeko proiektua egiteko eta obrak esleitu ahal izateko partida bat sortu gura du Gobernuak. Horrez gain, Mojategiko atletismoko pista aldatzeko 520.000 erabili gura ditu eta Uarkapen LED argiak jartzeko, aldiz, 50.000 euro.
Trantsizio energetikoa
Arrasateko argiteria publikoaren %60k LED sistema duela dio Fuentesek. "Halaber, eraikin publikoak jasangarriago egiteko pausoak eman dira, udal ordenantzak aldatu dira energia berriztagarrien aldeko hobariak eskaini ahal izateko eta Ekiola abian jarri da". Bestalde, ur-kontagailu "inteligenteak" jartzeko, 1.300.000 euro inbertitu gura dituzte lau urtetan (2023an, 300.000 euro), auto elektrikoendako lehen karga puntua jartzeko, 40.000 euro eta Uarkapen plaka fotovoltaiko