Construcciones Moyua enpresak hirugarrenez eskatu du Juan Arzamendi Musika Etxea egiteko obraren epea luzatzea, "bakoitza behar bezala justifikatuta", Kortaren esanetan. "Pandemiak mundu osoko produkzio kateak eten ditu, eta Ukrainako gerrak areagotu egin du egoera ezegonkorra. Horrek eragin zuzena izan du kontratuan eta izugarri zaildu du edozein obra egitea", dio. "Era berean, exekuzioaren azken hilabeteetan zenbait aldaketa egin izan behar dira eta epean eragin zuzena izan dute horiek".
Modu horretan, eta udalbatzak eskaera onartu ostean, abuztuaren 16an jarri dute bukaera data berria. Ia aho batez onartu dute puntua, EH Bilduk aldeko botoa eman ostean. "Ezberdintasun bat dago kasu honetan, guk betidanik eskatu izan duguna kontuan hartzen baita, hau da, enpresari erantzukizuna eskatzea eta diru publikoaren zaintza", adierazi du Maider Morras EH Bilduko bozeramaileak. Halaber, "bide zuzena" hartu duela adierazi dio Kepa Urteaga EH Bilduko zinegotziak Udal Gobernuari.
Izan ere, esan moduan, oraingoan diktamenak jasotzen du enpresari penalizazioak eskatzea, hala badagokio; atzerapen egun bakoitzarengatik, 3.298,68 euro.
Anuska Ezkurra Udal Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu du guztien nahia dela musika etxea bukatzea. "Orain arte, udal zerbitzu teknikoek beti egin izan dute luzatzearen alde eta horregatik egin dugu aurrera. Oraingoan, zalantza gehiago agertu dira. Beraz, aurrerantzean, goazen aztertzera ze luzapen eta ze erantzukizun egongo diren. Enpresak erantzukizunak bere gain hartu behar baditu, hartu egingo ditu, baina azken luzapenarekiko".
TAOren aldaketak, irailaren 1etik aurrera
Onartutako beste puntuetako bat TAOren udal ordenantzan aldaketak egitea izan da, jendaurrean erakutsi eta alegazioak aurkezteko epea amaitu ostean. Modu horretan, irailaren 1etik aurrera jarriko dira indarrean aldaketak, gehienak, Gobernuak martxoan iragarritakoak. Hain zuzen, azken hori izan da Podemos Arrasateko Eva Abuinek Gobernuari leporatu diona. "Alegazioei kasurik ez diezue egin. Bestalde, irizpide argirik ez dago aldaketak lehenesteko eta inprobisazioa da nagusi".
Azken horrekin bat egin du EH Bilduk ere, eta kontrako botoa eman du. "Gobernuak ze irizpide dauka alegazio batzuk onartzeko eta beste batzuk ez? 4.000 sinadura jaso zituzten erreferendum bat egiteko eta ez zuten onartu. Baina, 2.200 pertsona bizi diren auzo batean, Erguinen, 300ek bozkatu zuten, horietatik erdiek eman zuten baiezkoa, eta hori onartu egin zuen Gobernuak. Irizpide berdinak erabili beharko lirateke herritar guztiendako", azaldu du Morrasek. Hala ere, pozik agertu da haien proposamen batzuk aintzat hartu dituelako Gobernuak, esaterako, bi orduko doakotasuna eremu guztietan.
Ezkurrak nabarmendu du alegazio asko jaso dituztela, zortzi multzotan banatuta, eta guztiak landu direla Hirigintza batzordean. "Horren ondorioz datoz aldaketak", gaineratu du. Halaber, Abuinek gardentasuna eskatu dio TAOren datu bilketaren gainean, eta Ezkurrak erantzun dio gardentasuna egongo dela eta, dagokionean, bilketa guztia nola joan den azalduko duela Gobernuak. Horrez gain, aldaketak indarrean jartzearekin batera, sentsibilizazio kanpaina txiki bat egingo dutela ere aurreratu du, herritarrak ohitzen joan daitezen.
San Isidroko ermita eta erretiratuen egoitza
2022ko aurrekontuaren kredituak aldatzea ere onartu du udalbatzak. Aldaketa horietako bat da San Juan Bataiatzailea parrokiari 24.000 euroko dirulaguntza ematea, San Isidro ermitaren teilatua konpontzeko, eta hori ez du begi onez ikusi EH Bilduk. "Gertatzen ari dena da Elizak ez duela Ondasun Higiezinen gaineko Zerga ordaintzen, Udalak hamar urtetan 164.000 euro eman behar dizkiola, eta inoiz ez duela edukiko ermitaren jabetza. Gu horren aurka gaude", dio Morrasek.
Maria Ubarretxenak adierazi duenez, 2007an sinatutako hitzarmena agortu egin da eta Elizarekin berriro egin dituzte negoziaketak. "Beste hamar urterako hitzarmen bat lortu dugu. Kasu honetan, Udalak alokairu bat ordainduko dio Elizari, baina Eliza konprometitu da ermitari dagokion teilatua berak konpontzeko. Horretarako. 150.000 euroko aurrekontua dute, gutxi gorabehera". Era berean, esan du auzotarrek behin eta berriz eskatu izan diotela ermitako teilatua konpontzeko, "oso ermita maitatua" delako auzoan. "Hori dela eta, diruz laguntzea erabaki dugu, erretiratuak han jarraitzea bermatzearekin batera".
Askotariko mozioak
Zortzi mozio eztabaidatu dituzte osoko bilkuran. Horietako bat Pertsona Errefuxiatuen Nazioarteko Egunari buruzkoa izan da, eta onartuta geratu da, EH Bilduren eta Podemos Arrasateren baiezkoarekin eta EAJ eta PSE-EEren abstentzioarekin.
Horrez gain, Zuztarrak Errotuz Elkarteak aurkeztutako mozioak ez du aurrera egin, EAJk eta PSE-EEk ez dutelako babestu. "Horrelako eskaeretan, ikusten dugu falta dela prozedura bat, nola landu jakiteko", azaldu du Ezkurrak. "Hala ere, espero dugu aurrera begira bide bat sortzea horrelako mozioak landu ahal izateko", gaineratu du.
Hain zuzen ere, azken horri begira, beste mozio bat aurkeztu dute Udal Gobernuko bi alderdiek, "herriko kaleen izenak aldatu aurretik lanketa berezia egiteko", eta hori onartu egin da. "Hurrengo bozeramaile batzordean Gobernuaren proposamen zehatza aurkeztuko dizuegu", esan du Ezkurrak.
Oposizioko alderdiek adierazi dute Laubide plaza zena Arizmendiarrieta plaza dela orain eta aldaketa egiteko ez zela inolako lanketarik egin. Era berean, Gobernuari leporatu diote behin eta berriz "kontramozioak" aurkeztu izana, "gurea ez onartu eta haiena onartzeko".
Ekainaren 25ean Melillako mugan gertatutakoaren inguruan Eusko Legebiltzarrean onarturiko adierazpena babesteko mozioak ere aurrera egin du. PSE-EEk aurka bozkatu du eta, era berean, gai horri lotutako beste mozio bat aurkeztu. Hala ere, ez da onartu.
Osasun sistema publikoaren gaineko bi mozio
EH Bilduk eta Podemos Arrasatek nabarmendu dute aipatutako "kontramozio" horien adibide dela, esaterako, osasun sistema publikoaren gainean bi mozio aurkeztu izana. "Gobernuak ez du oposizioarekin negoziatzeko borondaterik eta penagarria da horrelako gai serioekin mozioak eta mozioak aurkezten egotea", azaldu du Abuinek.
Morrasek, bestalde, dio funtsezko hiru eskaera egin dituztela haien mozioan, hau da, urte osoan osasun zerbitzuko pertsonala egotea ospitalean, horiek kontratu duinak eta egonkorrak izatea eta profesional kopurua handitzea. "Horri aurka bozkatu diote, eta pena bat da horrelako gaietan ados jarri ez izana".
Udal Gobernuaren bozeramaileak, azpimarratu du osasun sistema publikoa babesten dutela eta Eusko Jaurlaritzako Osasun sailari konpromisoak betetzeko eskatuko diotela, "enplegu egonkor eta kalitatezkoaren alde".
Azkenean, EH Bilduk aurkeztutako mozioa ez da onartu eta EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutakoa, bai. Azken horretan abstenitu egin da EH Bildu eta aurka, berriz, Podemos Arrasate.
Osoko bilkuren aretoko erretratuak berbagai
Arrasateko herriak "parekidetasunarekin daukan zor historikoaren hausnarketa amaitu arte", aretoko erretratu guztiak kentzeko mozioa aurkeztu du Podemos Arrasatek, izan ere, egun dauden lauak gizonezkoenak dira. "Aurreko agintalditik dator gaia. Orduko hartan EAJk akordioa hautsi zuen. Orain, hausnarketa berdintasun egoera batetik hasi ahal izateko, koadro guztiak kentzea eskatzen dugu".
Johanna Sanchez Berdintasun saileko zinegotzi sozialistak proposatu du orain arte landutakoa jaso eta lanean jarraitzea. "Aurrekontuan diru partida bat jarri eta goazen parekidetasuna bilatzera. Hala ere, ez dugu uste gizonak kriminalizatu behar direnik, hori alderantzizko matxismoa delako. Beraz, parekidetasuna bilatu behar dugu, eta ez alderantzizko matxismoa".
Ezkurrak zera gaineratu du: "Heldu diezaiogun gaiari. Berandu gatoz, bai, baina lanketarako prest gaude".
Udal lorezainak greban
Lorezainak greba mugagabean daude astelehenetik. Osoko bilkuran egon dira eta udal ordezkariei eskatu diete bitartekari lanak egin ditzaten lan gatazka konpontzeko.
Arrasateko udal lorategien eta berdeguneen mantentze zerbitzua emateko kontratuko pleguak ziren onartzekoak, baina puntua erretiratu dute, irailerako atzeratuz. Victoriano Fuentes OZMA batzordeko zinegotziak onartu du estatu mailako hitzarmenarekin gutxi ordaintzen dietela langile horiei. "Plusa eduki dezaten saiatu gara. Edozelan ere, enpresa eta langileen arteko gatazkan, administrazio publikoak arazoa arindu dezake, baina ezin du konpondu. Espero dugu arazoa konpondu dadila eta irailean gai izatea langileek eskatzen duten pleguak onartzea".
Ezkurrak adierazi du laguntzen saiatuko direla, "ahal dugun heinean". Halaber, Urteagak nabarmendu du udaletxetik presioa egiteko aukera badagoela. "Baina harago joan behar gara, lanpostuen publifikazioa aldarrikatu behar dugu".
Peter Encinas, garbiketa ordenantzaz
Galdera-erantzunetan, garbiketa ordenantza aldatzeko egin duen eskaeraz aritu da Peter Encinas herritarra. "Indarrean dagoenetik, Mozal ordenantzak sei urte bete ditu. Oso nabarmena da Arrasate ez dagoela garbiago. Berdeguneetan, bidegorrietan eta abarretan txakurren gorotzak daude. Bestalde, 'Mozal' ordenantza bertan behera uztea oso zaila dela badakit, baina Monterroneko burdin hesian pankartak jarri ahal izatea eskatzen dut. Ez dut ulertzen zergatik ezin dugun jarri. Modu horretan, adierazpen eskubidea gauzatu ahal izango da".
Bukaeran, giro nahasia
Osoko bilkura amaitzear zela, Matilde Martin Santa Marinako auzo-alkate sozialistak hartu du berba eta auzoko jaietan ordubetez "bahituta" eduki zutela esan du, hainbat herritarrek presoen pankartekin presionatu zutela argudiatuz. Horren ardura, modu txarrean, EH Bilduri eta Podemos Arrasateri leporatu die. Azken horiek erantzun erantzun diote ez dakitela ezer gaiari buruz eta, haserre, nabarmendu dute akusazio horiek ez direla onargarriak.