Duela hamazazpi urte, 2005eko martxoaren 16an, Donostiako Apezpikuak eta Arrasateko Udalak hitzarmen bat sinatu zuten eta, ordutik, Musakolako Jubilatuen Etxeak San Isidro Ermitan izan du bere lekua. Orain, Udalak eta San Juan Batalatzailea parrokiak akordio berri bat lortu dute eta, beraz, erretiratuek han jarraituko dute 2031ra arte, gutxienez.
Maria Ubarretxena alkateak eta Victoriano Etxabe parrokoak sinatu dute kontratua, lorturiko akordioa "oso positibotzat" joz: "Herritar askok eta askok erabiltzen duten zerbitzuari jarraipena bermatu diogu elizbarrutiarekin lortutako akordioaren bitartez. Hilabetetako elkarlanak bere fruituak eman ditu herriarentzako hain onuragarria den zerbitzuari egonkortasuna emanaz", nabarmendu dute.