Prezero enpresak du lorezaintza zerbitzuaren ardura gaur egun eta lizitaziora aterako du Arrasateko Udalak orain; hain zuzen ere zerbitzu horren pleguak onartzea da asmoa biharko, uztailaren 19ko, osoko bilkuran. Horren jakitun eta lan akordio baterako baldintzak lortu nahian orain dela hilabete batzuk hasi ziren negoziatzen enpresarekin. Ana Sebal Agirregabiria LABeko eskualdeko ordezkariak adierazi du langileei lan hitzarmen estatala aplikatzen dietela orain, eta horiek hobetu gura dituztela: "Langileek ez dute inolako igoerarik izan soldatan, ezta hobekuntzarik ere". Horregatik, lan akordioa negoziatzen jardun dute: "Aurreko ostiralean, baina, ez zen adostasunik lortu. Enpresak borondate gutxi izan du akordiorako eta horregatik greba mugagabeari ekitea erabaki da".
LABentzat marra gorria da KPIren igoera bermatzea: "Gure azken proposamena izan zen bi aldeak ados jartzeko modukoa, baina horri ere ezezkoa eman dio enpresak, hortaz, pentsatzen dugu arrazoia ez dela ekonomikoa".
Plegurik ez onartzeko eskaera
Lau urterako zerbitzua izaten da eta gaur egun hamabi langilek ematen dute Udalak kontratatutako Prezero enpresaren bitartez. Biharko osoko bilkuran zerbitzua esleitzeko oinarriak izango dituzte mahai gainean Arrasateko udalbatzako kideek. Lan akordio batekin joan gura zuten osoko bilkurara: "Izan ere, gaur gaurkoz duten hitzarmen estatalak ez du bermatzen lan baldintza duinak". Baina ez da posible izan.
Udalarekin hasiera-hasieratik izan direla hartu-emanean adierazi dute LABetik: "Horra bideratutako diru partida igotzeko eskaera egin genuen, baita baietza jaso ere. Horregatik, lan baldintzak hobetzeko bazegoela aukera ikusi genuen orduan alde horretatik". Zerbitzua lizitatzerako orduan Udala dela arduraduna uste du LABek eta eskatuko diote akordioa onartu arte ez onartzeko plegurik.