TAO sisteman aldaketak egingo dituzte udatik aurrera

Hasier Larrea 2022ko mar. 9a, 13:56

 Erguingo Uriburu kalean, Zerrajeran eta Altamira Azpin aparkatzeko ordainpeko sistema jarri gura dute, mugikortasun urria dutenei doan aparkatzea baimendu eta gremioei joan-etorriak errazteko agiri berezi bat eman.

Prezioak eta aparkatzeko epeak ere moldatu egingo dituzte. Araba etorbideko, Munarreko eta Ferixalekuko TAO gorrian bi orduz aparkatu ahalko da doan, ordu eta erdiz beharrean. 

TAO bizkorra ia erabat murriztuko dute, urdin koloreko TAO arrunta jartzeko.  Horietan 3 ordutik 4 ordura zabalduko dute kotxea uzteko tartea, eta doako tartea ordu erditik 2 ordura igoko da. 3. zein 4. orduek 80 zentimoko kostua izango dute. 

Gune luze edo berdeak ere ugaritu egingo dituzte, Arrasate etobidearen gainaldean, Otalora Lizentziaduna kaleko erdiko aparkalekuetan eta Txaeta inguruan, esaterako. Hemen ere merkeagoa izango da aparkatzea: euro bat balioko du goizez edo arratsaldez, eta 2 euro egun osoz.

Hirugarren txartela etxebizitzentzat

Bestalde, etxebizitzetako egoiliarrek hirugarren txartela eskatu ahalko dute, bigarrenaren prezio berean. Aldaketa guzti horiek udan zehar gauzatu nahi dituzte, margoketa berriak egin ostean. TAO sisteman egokitzapenak egitea "gauza normala" dela adierazi du Maria Ubarretxena alkateak.

Trafikoa, "hirien antzekoa"

TAO sistemak jasotako kritiken artean dago Arrasateri hiri baten antzeko trataera eman izana. Trafikoari dagokionez, bailarako herriekiko ezaugarri desberdinak dituela adierazi du Ubarretxenak, desplazatzen diren ibilgailuen eta aparkatzeko plazen arteko diferentzian jarriz fokua: "Arrasaten 13.483 auto daude erroldatuta, 1,5 auto etxebizitza bakoitzeko, eta autoaren erabilera asko handitu da herri barruko desplazamenduak egiteko. Gainera, 5000 kotxe sartzen dira zentrora egunero. Horri erantzuteko, Arrasaten 6.555 aparkaleku daude lurgainean (horietatik %91 libreak) eta 6.230 plaza lurgainetik kanpo".

Egin nahi diren moldaketak apirileko Osoko bilkuran aurkeztuko ditu Udal gobernuak, eta onartuz gero, buletina 20 egunez egongo da jendaurrean, alegazioak aurkezteko. 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak