Arrasateko Udalak izena kentzea onartuko balu, Zuztarrak Errotuzek ez luke ordezko izenik proposatuko. Hori ere, udalaren esku utziko luke. Kasu horretan, Berdintasun sailaren esku.
Uztaileko osoko bilkuran aurkeztuko duten mozioak, lau puntu jasotzen ditu guztira:
- Oroimen historikoaren izenean, Alfontso VIII kalea Arrasateko kale-izendegitik kentzea.
- Udalari eskatzea, Kultura sailaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jar dadila bertan beirategi batean Alfontso VIII.arekin loturik dauden egintza historikoak eta historia kronologiak azter ditzatela. Izan ere, 1200.urtean Gipuzkoako foruak ez zeuden, (Gipuzkoa, berez, ez zen existitzen) eta ez dago egiaztatuta Alfonso VIII.a urte hartan Arrasaten izan zela foru horiek zin egiteko.
- Portaloi aldearen horman plaka bat jartzea, non jasoko den Arrasate konkistatua izan aurretik Nafarroako Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian zegoela. Plakak, gainaldean, Nafarroako bandera izango du eta testua hauxe da: Gaztelaren konkistaren aurretik, Arrasate, Arzorocia (Aitzorrotzia) izeneko tenentzian kokatua, egitura bateratu batean antolatuta zegoen: Nafarroako Erresuma.
- 2022ko uztailaren 19an, 500 urte betetzen dira Gaztelako armadak Amaiur gaztelua konkistatu zuenetik, non modu heroiko eta duinean Nafarroako Erresumaren independentzia defendatzen hainbat nafar izan ziren. Hori dela eta, horren omenez uztailaren 19an Nafarroako bandera udaletxeko balkoian jartzea.
Konkista ala entrega?
1200. urtera arte, Leintz bailara osoa, Arrasate barne, Nafarroako Erresumaren barruan zegoela azaldu dute eta Gasteizko setioaren ostean, Gaztelako erresumak bereganatu zuela. "Harrezkero, Gaztelako erresuman egon zen eta orain Espainiako erresuman, ofizialki".
Zera gaineratu dute: "1204an, Alfonso VIII.a hilzorian zegoela, esan zuen Nafarroako konkistaturiko lurrak itzultzeko asmoa zeukala baina sendatu zenean, ez zuen bere hitza bete".
Hainbat urtetan, historiografia ofizialak konkistaren gaia aztertu izan du eta beti egon izan da eztabaida Gaztelara erresistentziarik gabe entregatu zen edo konkistatua izan zen argitzeko. "Geroz eta historiagile gehiagok konkistatua izan zela mantentzen badute ere (bortizkeriaren erreferentzia eta testu historikoen azterketa zein itzulpenak kontuan harturik) beste batzuek, berriz, borondatezko entregaren teoria babesten dute. Nolanahi ere, egun, kolaborazioaren teoria mantentzeko ez dago inolako froga zehatzik, eta tartean, konjeturak eta dokumentu faltsifikatuak besterik ez. Horrek guztiak erresistentziaren teoria sostengatzen du, zalantzarik gabe”, azpimarratu dute.