2020ko aurrekontuaren doikuntzari onarpena, segurtasun neurripean egindako bilkuran

Xabi Gorostidi 2020ko eka. 2a, 23:45

Gobernuaren aldeko botoekin onartu dituzte, eta oposizioak aurka botatu du. Nabarmentzeko moduko beste gai batzuk ere jorratu dituzte, adibidez, San Balerio inguruko lur batzuei erabilpen publikoa emateko Udalak eta lurjabeek hasiko duten prozedura judiziala edo batzokian agertutako pintaketen gaitzespena, besteak beste.

Apirilean, osoko bilkura telematikoa egin ostean –zinegotzi kopuru murriztuarekin–, gaurkoan bilkura presentziala egin dute Arrasateko Udalbatzan. Zinegotzi guztiek hartu dute parte: zazpi zinegotzi ohiko aulkietan egon dira, eta gainerakoak ikusleentzako eserlekuetan, elkarren artean segurtasun tarteak mantenduz. Aurpegi berriak ere ikusi ahal izan dira: EH Bilduko Gaizka Erañarentzat lehen bilkura izan da –apirilekoan hartu zuen zinegotzi kargua–, eta Victoriano Fuentesek gaur hartu du zinegotzi karguaren jabetza, Oscar Garciak kargua hutsik utzi ostean.

Meatzerrekako lursail baten erabilpen publikoa

San Balerio auzoko ermitara heltzeko bide zati batek erabilpen publiko izaera izan zezan, Udalak negoziazio prozesu bat hasi zuen aurreko agintaldian bertako lurjabe batekin; zehazki, Meatzerreka 7 eta 8 zenbakidun lurzoruen jabeekin egin da negoziaketa, euren etxearen aurrealdea bide-zor publiko izateko. Zera lortu nahi zuen Udalak: Paso publikoak zabalera nahikoa edukitzea, iturrira sarbidea edukitzea, eta San Balerioko Jaiak ospatzeko etxe pareko gunea erabiltzea. Akordioa ez da posible izan, eta gaurkoan onarpena jaso du gaiak, epaile batek erabaki dezan bietako nork duen arrazoia.

Irudian, borobilduta, aprobetxamendu pribatiboko eremua. (Irudia: Arrasateko Udala).

Esatea, lurjabeek Arartekora jo zutela gaia konpontzeko, eta honek egindako txostenak "arrazoia ematen" diela jakinarazi du Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek –GOIENAk, oraindik, ez du txosten horri sarbiderik izan–. EAJk eta PSE-EE alde botatu dute, EH Bilduk abstentziora jo du, eta Elkarrekin Arrasatek aurka botatu du.

Alderdi guztiek eman dute gaiari buruzko iritzia. EH Bilduko Maider Morrasek adierazi du abstentziora jo dutela, bilkuran onarpena ematea "beharrezko pausua" delako gaia epaitegietan konpontzeko. Baina kezka adierazi du Udala ez delako gai izan akordio batera heltzeko. "Ez da bitartekaritzarik erabili, eta horrelako gaietan Udala eredu izan behar da. Familiari kalte bat eragin behar badiogu, agian, Udalak espektatibak jaitsi behar zituen".

Igor Urizarrek interbentzio luzea egin du gaiari buruz. Besteak beste adierazi du Udalak egindako txostena "txapuza bat" dela eta Gipuzkoako Katastroak eta Arartekoak "arrazoia ematen" diotela lurjabeei, eta "iruzurrak eta mehatxuak" jaso dituela lurjabe den familiak.

Hirigintza Saileko buru Ibon Arrupek adierazi du "interes publikoaren defentsa" egiten aritu dela Udala, "uneoro". "Guk ez badugu interes publikoa defendatzen, nork egingo du?" galdetu du. Zalantzak azaldu ditu bide horren jabego pribatuaren inguruan. "Bertan dago Arrasateko baselizarik zaharrena, 1462ko testuetan aipatzen dena. Eta handik gertu dagoen iturria mendeetan eta mendeetan erabili izan dute bertakoek. Auzokideekin egin dut berba, eta zalantzak ditut jabego pribatu izaerari buruz".

Doikuntzak 2020ko aurrekontuari

Aurreko astean aurkeztu zuen Udal Gobernuak aurrekontuari doikuntzak egiteko zuen proposamena, eta gaurkoan euren aldeko 12 botoekin eman diote onarpena. EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek aurka botatu dute.

[Proposamenaren xehetasunak dituen albistea irakurtzeko egin klik hemen]

Anuska Ezkurrak adierazi du Udalak 4.711.125 euro gutxiago batuko dituela aurten, eta horren eraginez doikuntzak egitera behartuta daudela. "Aukeraketa bat egin behar dugu, familiek egiten duten bezala: oporretan joan edo ez, sukaldea berritu edo ez...". Sarrera murrizketa horri aurre egiteko hiru bide erabiliko dituztela azaldu du: 2.000.000 euro, 2019ko soberakinetik; 1.212.000 euro, egin gabe geratu diren gastuetatik; eta 1.512.552 euro, bi inbertsio 2021erako atzeratuz –Juan Arzamendi Musika Etxea, 1.012.552 euro;  Kulturola 500.000 euro–. "Gastu soziala mantendu edo handitu egingo dugu, tokiko merkataritza laguntzeko bideak jarri ditugu eta enplegua sortzea izango da beste lehentasun bat, Arrasateko langabezia-tasa %2 hazi baita" azaldu du.

EH Bilduko Maider Morrasek zera adierazi du: "Gobernua ez da kontziente aurrean dugun krisiaren tamainaz. Jendeak ez du aukeratu beharko sukaldea berriztu edo ez; jendeak ez du edukiko hozkailua zerekin bete. Zuhurtzia eskatu dizuegu, Ekobulebarra bezalako inbertsioekin. Hala egin dute ere udal teknikari eta kontu-hartzaileak ere, baina zuek, hala ere, 2,5 milioi konprometitu dituzue proiektu hori egiteko. Gure ustez, zuhurtzia da, hilabete batzuetan inbertsiorik ez konprometitzea krisiari benetako neurria hartu arte".

Elkarrekin Arrasateko Igor Urizarrek antzeko kritikak egin ditu: "Idazkariaren eta kontu hartzailearen iritziaren aurka egin duzue, eta 2,5 milioi erabiliko dituzue Ekobulebarrean, zuen postal etektorala prest edukitzeko". Besteak beste  adierazi du Udal Aseguruen zabalkundera Gobernuak bideratuko dituen 8.000 euroak, Juan Arzamendi Musika Etxearen "kudeaketa txarraren ondorio" direla.

Batzokiaren pintaketen mozioa

EAJk eta PSE-EEk mozioa bateratua aurkeztu dute gaurkoan, maiatzaren 22an batzokian agertutako pintaketekin lotuta. Bertan, nagusiki, gertatutakoa gaitzesteko eskatzen zieten gainontzeko alderdiei, eta Gobernuak "bizikidetzaren alde" egiten duen apostua berresten zuten ere. Aipatzea, aurretik, prentsa ohar bana plazaratu zutela bi alderdiek gertatutako gaitzetsiz eta gainontzeko alderdiei posionatzeko eskatuz.

EH Bilduko Maider Morrasek adierazi du, Gobernuak "EH Bildu publikoki konprometitzeko ahalegina" egin duela, "prentsa oharrarekin eta mozioarekin". Aipatzea, aurretik, EH Bilduk prentsa oharra atera zuela, non, besteak beste, zera esaten zuten pintaketei buruz: "Ez gaituzte bizikidetza lortzeko bidean jartzen". 

Amaieran, EAJko Anuska Ezkurrak zuzenean galdetu dio Maider Morrasi ea pintaketak gaitzesten dituzten. "Hurrengo batzordean erantzungo dizugu" erantzun dio Morrasek, askotan, osoko bilkuretan, Gobernuari zuzenean galdetzean, jasotzen duten erantzunari erreferentzia eginez.

Zigor Andino udaltzainburuaren interbentzioa

Galde eta eskeetan, Zigor Andino udaltzainburuak hitza hartu du, maiatzaren 23an bi labanekin kaletik zioan gizonezkoaren atxiloketaren inguruan hitz egiteko. Bertan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak egindako lana defendatu du, irmoki. "Bi labanekin bere burua kaltetzen ari zen gizonezkoaren bizia salbatzea eta gainontzeko herritarren segurtasuna bermatzea izan genituen helburu. Gure kode deontologikoak argi dio indarra erabiltzea azken aukera dela, eta ahalik eta kalte txikiena eraginez helburu nagusia lortzen ahalegindu ginen" azaldu du.

Zigor Andino udaltzainburua, zinegotzien aurrean hizketan.

Jasotako kritikei ere erreferentzia egin die: "Lan ona egin duzula uste duzuenean, batzuek zure profesionaltasuna zalantzan jartzen dute, egindako esfortzua eta izandako arazoak kontuan hartu gabe. Aurreiritziz beteta dauden horientzat erreza da kritikak egitea etxeko erosotasunetik". Ez du EH Bildu une batean ere ez aipatu, baina gogoratu behar da koalizioa abertzaleak atxiloketan Ertzaintzak izandako jokabideari buruzko argibideak eskatu zituela ohar bidez.

EAJtik "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkiete udaltzainei, eta "azken hilabeteetan egindako lanagatik" zoriondu egin ditu Anuska Ezkurrak. PSE-EEko Yoana Sanchez-ek "eskerrak eta animoak" eman dizkie Udaltzainei.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak