EH Bildu, batzokiko pintaketei buruz: "Ez gaituzte bizikidetza lortzeko bidean jartzen"

Xabi Gorostidi 2020ko mai. 26a, 08:53

Gertaera horrekin lotuta adierazi dute "politika penitentziario ankerra" salatu beharra dagoela, "mina eta sufrimendua" eragiten jarraitzen duelako, eta Patxi Ruizen eta Julen Atxurraren kasuak jarri dituzte horren adibide gisa. Prentsara helarazitako ohar berean "larritzat" jo dituzte herritar bat gerarazteko Ertzaintzak zapatuan erabilitako moduak. 

Batzokian agertutako pintaketen harira, irakurketa hau egin dute:

"Herriko batzokian Patxi Ruizen egoera salatzeko egindako pintaketa dela eta, iruditzen zaigu haserrea eta gaitzespena eragiten dituzten horrelako ekintzek ez gaituztela bizikidetza lortzeko bidean jartzen eta ez datozela bat garaiek eskatzen dituzten lan moldeekin, are gutxiago langile familia baten kaltetan bada. Arrasaten bizikidetza eta normalizazio demokratikoaren alde lanean jarraituko dugu herritarrek sufritu dituzten eta sufritzen ari diren eskubide-urraketak erabat desagertu arte. Bide horretan, denon parte hartzea eta elkarrekin pausuak ematea beharrezkoa da. Eta xede bera duten guztiekin elkarlanean jarraitzeko borondatea eta konpromisoa berresten dugu".

Horrekin lotuta, "politika penitentziario ankerrarekin" amaitu beharra dagoela uste dute: 

"Politika penitentziario ankerra salatu behar dugu, presoen eskubide oro urratu eta osasunean eragin larriak baititu. Politika horrek mina eta sufrimendua eragiten jarraitzen du gure herrian eta gose greban dagoen Patxi Ruiz preso politikoaren egoera horren adibide da. Gatazkaren konponketarako bidean, preso politiko guztiak lehenbailehen etxera ekartzeko eskatzen dugu bide batez, gaurko egunean aipamen berezia merezi duelarik maiatzaren 13an buruko isuria izan zuen Julen Atxurrak, isuria izan eta gero ere oraindik Puerto-I kartzelan daukatena".

Pintaketen harira mezu hau zuzendu diote Arrasateko EAJri:

"Bidenabar, esan, Patxi S.O.S. dioen pintaketa bat gaitzesteko publikoki eskatzen dutenak ez ditugula ezer esaten entzun Audiencia Nacional delakoak ehundik gora Herriko enbargatzen hasi dela jakitean, justizia faltaren beste adibide garbi bat jartzearren".

Zapatuko atxiloketa

Ertzaintzak, zapatuan, martxoaren 8 kalean egindako atxiloketan erabilitako moduak "larritzat" jo dituzte:

"Adierazi nahi dugu larria iruditzen zaizkigula zapatu goizean Ertzaintzak buru osasuneko arazoak dituen herritar bat gerarazteko erabili zituen moduak. Tentsio handiko egoera batean egonik ere, kotxearekin harrapatuz, gizonaren bizitza arriskuan jarri zuten eta onartezina da. Iruditzen zaigu Arrasateko Udalak azalpen formal bat eskatu beharko liokeela Eusko Jaurlaritzako Barne Sailari. Eta, nahi genuke Arrasateko PNVk inor iraintzen ez duen pintaketa bat salatu duen irmotasunarekin kuestionatzea arrasatear baten bizitza arriskuan jarri duen jokabide poliziala". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak