Maria Ubarretxena alkateak argi utzi nahi izan du, aurrekontua murriztuko den arren, "aurreikusitako inbertsioak mantendu" egingo direla, eta "zerbitzu batzuk mantendu eta indartu" egingo dituztela. "Gizarte Zerbitzuen partida handituko egingo da, adibidez".
Hori esanda, Udal aurrekontuak izango duen 4.711.125 euroko jaitsieraren nondik norakoak azaldu dituzte: Gipuzkoako Aldundiko Foru Funtsetik 3.200.000 euro gutxiago, jarduera ekonomikoen zergatik 100.000 euro gutxiago, eraikuntzako zergatik 300.000 euro gutxiago, karga urbanistikoetan 200.000 euro gutxiago, bestelako jardueretan 53.125 euro gutxiago eta Udal tasen bidez 858.000 euro gutxiago. Azken horien barruan sartzen dira, kiroldegiko abonu eta ikastaroak ez kobratzea –itxita egongo den denbora tartean–, eta komertzio eta ostalariei sei hilabetez barkatutako tasak –lurzorua publikoa erabiltzeagatik eta zaborragatik kobratzen zaiena–.
Diru galera horri aurre egiteko "baliabide propioak" erabiliko dituztela adierazi dute, horretarako hiru bide erabiliz: 2019ko aurrekontu soberakina, 2.000.000 euro; gastuetan eman diren egokitzapenak, 1.212.000 euro, eta hainbat inbertsiotako jarduera-etetea medio liberatutako partidak, 1.512 .552 euro.
Gastuen egokitzapenei buruz zera adierazi dute: "Gastuen atalak 1.212.000 euro egin du behera, batez ere COVID-19aren ondorioz gauzatu ezin izan diren eta etorkizun hurbilean garatu ezin ahal izango diren ekimen edo jarduerena, eta baita itxita egon diren eraikinen funtzionamendu gastuak ez direlako aurreikusitakoak izan. Hala nola, jaietako atala, kiroldegia itxita izateagatik egon den sarrera falta edota hainbat eraikin itxita egotearen ondoriozko funtzionamendu gastuak".
San Juan Jaiak bere horretan egingo ez direla iragarri ostean, urte osoan herriko jaiak egiteko dagoen partida 93.000 euro gutxituko dutela azaldu dute. "Urte osoko jaiak egiteko 250.000 euroko partida bat dago: Santamasetarako, San Juan Jaietarako... Beraz, San Juan Jaietan egingo ez diren hainbat ekintzen ondorioz 93.000 kendu ditugu partida horretatik, eta beste gastu batzuetara bideratuko ditugu" azaldu du Ander Garay ogasun zinegotziak.
Honela banatuko dituzte 93.000 euro horiek: 50.000 euro tokiko merkataritzan, ostalari zein elkarteek pandemiari loturiko osasun neurri eta protokoloak betetzeko egindako gastuak laguntzeko –gelak, ozono makinak...–; 25.000 euro COVID- 19aren eraginez zerbitzu publikoak zabaltzeko egin beharreko prebentzio erosketak egiteko –norbera babesteko ekipamenduak, esaterako–; 10.000 euro baserri bideetan inbertsioak egiteko; eta 8.000 euro Udal aseguruen zabalkunderako.
Komertzioei laguntzeko, establezimenduko, gehienez 500 euroko laguntza aurreikusten dute. "Fakturak aurkeztu beharko dituzte eta horien %50 ordainduko die Udalak. Dendariekin ari gara dirulaguntza lantzen, eta oraindik ez dago guztiz zehaztuta" azaldu du Ubarretxenak.
Inbertsioetako jarduera eteteetan 1.512.552 euro kalkulatu dituzte. Diru hori 2020ko aurrekontuetan zeuden bi inbertsioetako partidak 2021era pasatuz lortuko dutela azaldu dute. "Kreditu txertatuen" formula erabiliz, Juan Arzamendi Musika Etxearekin lotutako 1.012.552 euroko partida, eta Kulturolako lanak egiteko 500.000 euroko partida 2021era pasako dituzte.
Horrek ez du esan nahi bi proiektu horietako lanak geldi egongo direnik 2020an, lanek euren bidea jarraituko baitute. Horri buruz galdetuta, azaldu dute, 2020an zehar bi obra horietan egingo diren lanak ez direla 2020ko aurrekontuan ezarritako partidekin ordainduko, aurreko ekitaldietan obra horiek ordaintzeko ezarritako poltsa metatuetatik baizik. "Aurreko urteetan dirua aurrezten joan gara, eta diru hori erabiliko dugu aurten egiten diren lanak ordaintzeko" azaldu du Maria Ubarretxenak.
Azken osoko bilkuran, Gobernutik adierazi zuten "krisialdia gainditzeko beharrezkoa izanez gero, Udala zorpetzeko prest" zegoela. Horri buruz galdetuta, Ubarretxenak alkateak adierazi du "beharrezkoa bada, egingo dutela". "Egin ditugun kalkuluekin ez dugu zorpetzea aurreikusten, baina ez dakigu guzti hau noraino helduko den. Beraz, zorpetu behar bagara, zorpetuko gara. Une honetan zero zor egoeran gaude, eta horri esker ez dugu inongo arazorik edukiko dirua eskatzeko. Beste Udal batzuek, ez dute aukera hori, ez dituztelako baldintzak betetzen".
Juan Arzamendi eta ELMA
Galderen txandan, baieztatu dute Juan Arzamendi Musika Etxeko lanak babesteko 84.000 euro bideratuko dituztela –eraikinari estalki bat jartzeko–, eta diru hori azken osoko bilkuran onartutako kreditu-espediente aldaketaren barne dagoela azaldu dute.
ELMA eraikineko lehen solairuan Lanbidek bulegoa zabaltzeko negoziaketa bide onetik doala ere adierazi dute. "Lanbidek alokairu bat ordainduko du eraikina erabiltzeagatik eta laster hitzarmen bat sinatzea espero dugu" adierazi du Ubarretxena alkateak.