Arrasateko EAJk "gogor" gaitzetsi ditu Batzokian egindako pintaketak

Jone Olabarria 2020ko mai. 23a, 19:38

Arrasateko batzokian egindako pintadak gaitzesteko asmotan, datorren ostegunean egingo den bozeramaileen batzordean mozio bat aurkeztuko duela iragarri du Arrasateko EAJk. Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei "ekintza gaitzesteko ausardia" eskatu die. Sozialistek ere gaitzetsi egin dute erasoa eta "harridura" erakutsi dute jeltzaleen eskakizun horren harira.

Ohar bidez jakinarazi dutenez, Arrasateko jeltzaleen ustez, "tamalgarria da erasoaren aldeko apustua egiten dutenak egotea herrian, beti ezkutuan, hitza eta elkarrizketa erabili beharrean". Ekintzak eraikin berean dagoen Aldape tabernari ere kalte egin diola salatu dute. Pintadak eta pintura gorria agertu izana "gogor" gaitzetsi nahi izan du EAJk: "Halako erasoak gertuago daude totalitarismotik eta faxismotik demokraziatik eta askatasunetik baino".

Alderdiei deia

EAJk Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei ekintza hauek gaitzesteko "ausardia" eskatu die: "Berretsi egiten dugu bizikidetzaren aldeko apustua, eta adierazten dugu hura hautsi nahi duten ekintza horien aurrean ez dugula atzerapausorik emango. Udalean ordezkaritza dugun alderdi politikoak bakea eta bizikidetza lantzen ari gara joan den legegintzalditik".

Zehaztu dutenez,  mozio bat aurkeztuko dute datorren osteguneko bozeramaileen batzordean, gertakariak gaitzesteko: "Espero dugu Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek bat egitea. Arrasate libre bat nahi dugu, guztion artean eraikia eta bizikidetzan eta errespetuan oinarritua".

Sozialistek ere erasoa gaitzetsi dute

Arrasateko sozialisten bozeramaile Blanca Roncalek "harridura" azaldu du jeltzaleen "ausardia" eskaeraren aurrean: "Arrasateko sozialistok EAJren egoitzak jasandako erasoa gaitzesten dugu. Mehatxuak, atentatuak eta jazarpenak pairatzen genituen garaietako irmotasun berarekin, Isaias Carrasco moduko lagunak galdu genituen garaietako irmotasun berarekin gaitzesten dugu eraso hau ere", adierazi du.

Era berean, sozialistek "babesa eta elkartasuna" adierazi diete EAJko militanteei, "badakigulako, esperientziagatik, ze garrantzitsua den momentu hauetan ingurukoen eta korporazioko lagunen babesa jasotzea"

Azkenik, alderdi politikoen eta haien buruzagien aurkako erasoak bukatu behar direla aldarrikatu dute, Idoia Mendiak jasan zuen erasoari erreferentzia eginez. "Euskal gizarteak eta sozialistok, bereziki, esfortzu handiarekin lortu dugun askatasunaren aurkako erasoak dira. Hori ez da bidea".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak