Edesa Industrialen jarduera bideragarri izateko, langile kopuru osoa 130-160 bitartekoa izan beharko da, eta horrek ekarriko du, besteak beste, Garagartzako plantaren itxiera; izan ere, "bertako negozio lerroen kontribuzio marjina negatiboak ez du lagatzen jarduerarekin segitzen".
Berogailuak, Basaurira
Halaxe dio Edesa Industrialek aurkeztutako bideragarritasun planak. Gaineratzen du, halaber, "berogailuen produkzioa Basaurira eraman ahalko" litzatekeela, baina hori horrela eginda ere, "Basaurik eta Eskoriatzak bere lerroak doitu egin beharko" lituzketela "beharrezko eraginkortasuna lortu eta errentagarritasun positiboa erdiesteko".
Gaineratu dute plana onartzen bada, badaudela inbertsoreak 12 milioi euroko fondoak emateko gertu, altxortegi negatiboari aurre egin ahal izateko, eta negozioa berriro ere bideratzeko. "Gainera badaude inbertsore industrialak jarduera komertzialaren beharrak gutxitzeko", esan dute,
Hala ere, inbertsio gehiagoren beharra ere ikusten dute, lehiakorrak izateko. Edozein modutan, taldeak galerak bere gain hartzeko prestutasuna erakutsi du, baita zorra bere osotasunean ere, 70 milioi eurokoa; "horrek erakusten du markarekin eta langileekin orain dela hiru urte hartutako konpromisoa, indarrean dagoena", diote.
Bost behar nagusi
Edesa Industrialek aurreikusten dituen eginbeharrekoei dagokienez, berriz, bost puntutan laburbildu dituzte:
1- Banketxeetatik eratorritakoa ez den finantzazioa lortzea, negozio lerro errentagarriak berpiztea ahalbidetzeko: ibilgetuen salmenta, inbertsore industrialak eta/edo administrazio publikoak… hori lortzeko inbertsore konprometituak badaudela diote.
2- Zordunekin eta hornitzaileekin zorra ordaintzeko akordioa
3- Oraingo hornitzaileek zerbitzuarekin jarraitzea.
4- Abala duen zor finantzarioaren berregituraketa (talde industrialak bere gain hartuko lukeena).
5- Produkzio lerro jakin batzuen berregituraketa.