"Guri ez ziguten esan Garagartza itxiko zenik"

Fagor CNAko langileak fabrika kanpoan, astelehenean.

"Plana ez digute aurkeztu; pentsatzen genuen zerbait mardula ekarriko zutela, baina jakinarazi zuten inbertsore industrial bat eta fondo inbertsore bat bazutela, zein zen esan barik. Bai esan ziguten aurrera egitekotan 130 langilerekin izango zela, eta ez 160rekin, baina Garagartza itxiko zela ez ziguten sekula esan", jakinarazi du Rikardo Perezek, Edesa Industrialeko Langile Batzordeko presidenteak.

Izan ere, atzo 19:30ean batzarretik irten zirenean, Langile Batzordeko ordezkariak CNA Group-ekin akordio bat adostuta atera ziren, bi puntutakoa:

1- Garbiketa sekzioko 30 langile kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea bertan behera geldituko da.

2- CNA Group proiektu berri bat eraikitzeko mahai bat osatuko da enplegua eta etorkizuneko bermeak izateko. Mahai horretan enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkaritzaz gain, markaren jabea den Fagor S. Coop eta Eusko Jaurlaritzak parte hartzea proposatu dugu.

"Nahiko lotsagabea da"

"Batzarretik irten, eta komunikabideen bitartez jakin genuen Gargartzako planta ixteko asmoarekin berri. Nahiko lotsagabea da euren aldetik jokabide hori. Guk badakigu ze akordio lortu dugun, eta ez dugu onartzen komunikatu horretan (Edesarena) ipintzen duen guztia (…) orain (egubakoitz goiza) bulegoetako EREarekin lotutako sinadurak egiten gabiltza eta gero langileekin batzarra egingo dugu", argitu du Rikardo Perezek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.