Langileen ordezkaritza zabala elkartu da Arrasateko Herriko Plazan, eta Edesa Industrialeko langileen batzordeko buru Rikardo Perezen arabera ia plantilla guztiari eragiten dion suspentsio lan erregulazio baten aurrean aurkitzen dira: "Zuzendaritzaren azken erabakiek ziurgabetasun eta babesgabetasun egoera baten aurrean utzi gaituzte, etorkizunak zer ekarriko digun ez dakigula. Horrez gain, 30 langileren aurkako kaleratze kolektibo baten tramiteak abiatu dituzte".
Murrizketa gehiago ekarriko dituen susmoa
Perezek langileen aurrean irakurri duen oharrean argi utzi du langileek zein iritzi duten: "Zuzendaritzaren kudeaketa negargarriek ekarri gaituzte gaude lekura. Oraindik ezagutzen ez dugun bideragarritasun plan baten inguruan hitz egin digute, baina susmoa dugu plan horrek murrizketa gehiago ekarriko dituela langileontzat. Ez dugu onartuko langileak kontuan hartuko ez dituen eta irteera faltsuak ekarriko dizkigun planik". Perezek Goienari adierazi dionez, bihar 16:30ak aldera emango du zuzendaritzak bideragarritasun plan horren berri.
Ordezkari politikoen presentzia
Hainbat izan dira elkarretaratzearekin bat egin duten ordezkari politikoak. EH Bilduren Gipuzkoako politika arduradun Unai Larreategi, Ezker Anitzako diputatu eta koordinatzaile nagusi Isabel Salud eta Elkarrekin Ahal Duguko Jon Hernandezekin batera, Arrasateko zinegotzi Eneko Barberena eta Itxaro Artola (EH Bildu), Victoriano Fuentes (PSE-EE), Igor Urizar eta Eva Abuin (Baleike) eta Juan Luis Merino (Irabazi) izan dira, besteak beste.