Kulturateko areto nagusian egin den prentsaurrekoan, Arrasateko kultur taldeen izenean Antxon Gutierrez (Arrasate Trikitixa Eskola), komisiñoko Onintze Gorospe eta Kultura eta Euskara zinegotzi Juan Ramon Mendieta izan dira.
Abenduaren 22ko ekintzei dagokionean, azoka jaieko izarretako bat izango da beste behin. Azken urteetan bezala, hainbat zonatan banatuko da hau; ganadua Laubide plazan eta hegaztiak Garibai hiribidean; eligagaien eta baserrien postuak Biterin eta Seber Altuben; eta artisauak Biterin eta Jokin Zaitegi plazan.
Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña baserrikoa izango da aurtengo txerria. Animaliak 300 kilo inguruko pisua dauka, eta abenduaren 21ean, Herriko Plazan ikusi ahal izango da.
Aurten, kantaren egileak diren Jose Ramon Vitoria eta Jon Iñaki Izarzelaia omenduko ditu Komisiñoak. Beti bezala, bi alditan dantzatuko dute txerri dantza; bat eguerdian (13:45) eta beste bat iluntzean (19:30), Larrain Dantza taldearekin batera.
Zaldibarren, 12:00etatik aurrera herri kirol probak egongo dira, eta Urkape Pilotalekuan, berriz, 18:00etan hasita, profesional mailako pilota partidak. Estelarrean, Ezkurdia eta Merino II bikotea Urrutikoetxea eta Beroiz bikotearen aurka jokatu behar zuten, baina azken hau baztertua izan denez, hasiera batean Imazek ordezkatuko dio. Bigarren partiduan ere aldaketak daude; izan ere, Mendizabal III.ak eta Martijak, Jakaren eta Erostarberen aurka jokatu behar zuten, baina azkenean, Mendizabal beharrean, Retegi II.ak jokatuko du. Sarrerek 20 euroko prezia izango dute, eta Monte, Kajoi eta Buenuena tabernetan egongo dira salgai.
Herri bazkaria, Musakolako kiroldegian egin beharrean, Azoka Plazan egingo da. Leku aldaketa horrek, herri bazkariko gunea murriztuagoa izatea eragin du, eta arrazoi horregatik, txartelak lehenbailehen erostea gomendatzen dute. Txartel horiek, Bengoa, Kajoi, Irati eta Iluntz tabernetan egongo dira salgai, 18 eurotan.
Aurrekontua
Juan Ramon Mendietak azaldu duen bezala, aurtengo Santamasen aurrekontua 78.400 euro ingurukoa izan da (41.368 euro Santamas komisiñoaren partetik eta 37.075 euro udalaren partetik).