Urtero moduan, santamasetako azoka da jaietako izarretako bat: goiz osoan zehar, ganadua, hegaztiak, baserrietako produktuak eta askotariko langintzen postuak egongo dira ikusgai Arrasateko hainbat zonatan banatuta.
Animaliak Laubiden
Iaz moduan, ganaduaren eta hegaztien feria bateratuta egongo da. Hori horrela, ganadu erakusketa Laubide plazan egongo da eta hegaztiena Garibai hiribidean, Forum Sport sarrerako aterpean.
Ganaduari dagokionez, sei behi mota ekarriko dituzte; piriniotar arraza tartean. Eta horrekin batera, urteroko pottokak, moxalak, behorrak, zezenak, astoak eta ardiak ere bai.
Baserritarren 82 postu
Baserriko produktuak dira azokaren puntu indartsuenetako bat, bertako barazki, fruta, fruta-arbolek, kontserbek eta bestelakoek jende asko erakartzen baitute; hala, 82 postu egongo dira Biterin eta Seber Altuben.
Biterin elikagaien 60 postu jarriko dituzte: gazta, pastelak, ogia, eztia... egongo dira eta bertako postu gehienak eskualdekoak eta Euskal Herrikoak izango dira; salbuespena Salamancako almendra garrapiñatuen postua izango da.
Seber Altuben, aldiz, baserritarrak egongo dira, 22 postutan, horietatik hamabi Arrasatekoak bertakoak; gainontzekoak gertukoak: Aretxabaleta, Bergara, Leintz Gatzaga, Aramaio, Soraluze, Gabiria eta Mallabikoak. Horiek euren baserrietan ekoiztutako frutak, barazkiak eta bestelakoak ekarriko dituzte. Eta hain justu, gune horretakoak, Seber Altubekoak, izango dira lehiaketetan parte hartuko dutenak: herriko postu onena, fruta onena eta barazki onena sarituko dituzte.
Lanbide zaharren erakusleiho
Iraganeko eta geroko lanbide zaharrak balioan jarri eta sustatzeko asmoz, 78az geroztik urtero antolatzen du Santamas Komisiñuak artisau azoka. Hala, bi gunetan banatuta egongo dira datozen 43 artisauak –25 bailarakoak–: Jokin Zaitegi plazan eta Biterin. Azken horretan Arrasateko artisauak egongo dira, gero eta gehiago baitira urtero. Betiko moduan, langintza desberdinen postuak egongo dira: abarkagintza, larrugintza, hargintza, xisteragintza, bitxigintza, zeramika...
Artisauek euren lanak salgai jartzeaz gain, erakusleiho modura ere erabiliko dituzte postuak, ondoen egiten dakitena zelan egiten duten erakusteko. Edozelan ere, datorren eguenean, hilaren 22an, izango da azokaz gozatzeko hitzordua, 10:00etan hasita.