Aretxabaletako Galartza auzoko Zaloña baserrikoa da aurtengo txerria, frantziar arrazakoa, eta ia 300 kilorekin agertuko da Herriko Plazara –abenduaren 21ean, 19:30ean–. Komisiñoak Txerrita izenarekin bataiatu du, bi arrazoirengatik. Batetik, Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolari ezaguna hil zela 80 urte bete direla gogora ekarri nahi izan dute eta, horrez gain, kasualitateak gura izan zuen txerria zein izango zen erabaki zuten egun berean hil zela Valentziako alkate ohi Rita Barbera.
Alberdi, ganadu feriako ohikoa
Aretxabaletako Zaloña baserriko Luis Mari Alberdik ondo ezagutzen ditu santamasak. Hamar bat urte daramatza euskal arrazako ganadua erakusten Arrasaten: "Ferian egotea harro egoteko modukoa da eta balio du herritarrek ikus dezaten baserrian lan handia egiten dugula".
Azokako ohiko bat izateak ahalbidetu du aurten txerria Alberdik jartzea: "Enteratu nintzen Komisiñokoak txerri bila ari zirela eta kanpora jo beharrean esan nien nik banuela txerri eder bat baserrian. Ikustera etorri eta asko gustatu zitzaien". Zaloña baserrian urte asko daramatzate ondoren hiltzeko txerria hazten, baina azken sei edo zazpi urteotan txerri emeak ere izan dituzte. "Hau [Txerrita] ere, gainerakoak moduan, baserri kanpoan egon da, gustura eta lasai. Bizimodu ederra eraman du orain arte".
Bainu-leku propio eta guzti izan du: "Lokatza artean gustura ibili ostean baineran garbitzeko aukera izaten du". Uda partean bereziki, zelai zabalean ere ibili da Txerrita, gustura asko.
"Ondo egokituko da Arrasatera"
Ingurune paregabea eta lasaia izan du Txerrita-k orain arte Galartza auzoan, eta horregatik Komisiñoak arrasatearrei eskatu die animalia errespetuz zaintzeko. Aholku horren aurrean lasai dago Alberdi, ondo ezagutzen du-eta Txerrita: "Oso ona eta lasaia da eta ondo egokituko da Arrasatera eta arrasatearren konpainiara". Datorren urtean ere laguntzeko gertu dagoela dio Alberdik.