Arrasateko batzokiaren kontrako erasoak, hainbat erreakzio

Miren Arregi 2016ko aza. 7a, 15:59

Egubakoitz gauean Arrasateko batzokiaren kontrako erasoa gertatu zen. Fatxadara pintura gorria eta horia bota zuten eta lurrean etzanda bi panpina jarri zituzten ezezagun batzuek. EAJk salatu du hiru pertsonak pintura gorriko poteak bota zizkietela batzokiko bi langileri euren lanpostutik irteten ari zirela. Erasoak, errekzioak eragin ditu alderdi politikoen artean. Astelehen iluntzerako Bozeramaileen Batzordea deitu du EAJk udaletxean.

Hiru pertsonak Arrasateko batzokiko bi langileri pintura gorriko poteak bota zizkietela salatu zuen EAJk zapatuan. Jeltzaleek erabat baztertu eta salatu dute erasoa eta horrelako gertaerak "berriro ere ustez gaindituta zegoen garaira" garamatzatela adierazi dute. Gaineratu dute horrelako jokaerek ez dutela "inolako lekurik herri demokratiko baten" eta "ulertezina" dela, "euskal gizarteak bakea eta bizikidetza sendotzeko urratsak" ematea eskatzen duelako.

EAJk nabarmendu du, "errespetu falta" izateaz gain, horrelako gertaerak "bizikidetzaren aurkako erasoa" direla, eta berretsi du, "bakean eta bizikidetzan oinarritutako etorkizuna" behar duela gure herriak.

Gaur, azaroak 7, Bozeramaileen Batzordea deitu du EAJk udaletxean.

Erasoa eta hitzarmena salatu dute EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik

Arrasateko batzokiaren eta bertako langileen aurkako erasoak gainerako alderdietan ere eragin ditu errekzioak eta gaur, astelehena, EH Bilduk, Baleikek eta Irabazik batzokiaren kontrako erasoa "gaitzetsi" egin dute ohar bidez. Adierazi dute ez dutela protestaren modua konpartitzen, bereziki, lokaleko "bi langileri zuzenean eragin" dionean honek.

Erasoa salatzearekin batera, Europa eta AEBn arteko Merkataritza eta Inbertsiorako Hitzarmena ere salatu dute. EH Bildu, Baleike eta Irabaziren esanetan, "merkataritza akordioak herrien subiranotasunaren aurkako erasoa" dira, "langileriaren eskubideen aurkako" eta "ingurumenaren aurkako erasoa".

Orain arte, modu publikoan, ez da erasoaren erantzulerik agertu. Hedabide batzuetan agertu denez, modu honetan justifikatu dute egileek erasoa: "TTIP deitutako hitzarmenarekin, alegia, Europa eta AEBn arteko Merkataritza eta Inbertsiorako hitzarmenarekin EAJk duen konplizitatea eta elkarlana salatzeko egindako ekintza izan da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak