Erasoaren egileak kaleratutako azken oharra:
"Ohi duen bezala, arreta desbideratzeko, EAJ-k komunikatu bat zabaldu zuen zapatuan, Batzokiaren aurkako ekintza bi langileren aurkakoa izan zela salatuz. Manipulazio hutsa da; gezurra da.
Ekintza egiten ari ginen unean, kasualitatez, Batzokiko langileak ei ziren bi pertsona irten ziren atetik. Batak azkar egin zuen alde batera, eta bestea atean geratu zen. Hamaika aldiz, bere hobebeharrez, bertatik mugitzeko esan zitzaion arren, azkenean beregandik metro batzuetara lehertutako pintura poto baten zipriztinek, tamalez, zikindu egin zuten. Ez zen hori gure helburua, eta guk ere nahiago genuke horrelakorik gertatu izan ez balitz.
Behin hori esanda, herritarrei eta, bereziki, ardura politikoa duten antolakundeei eskatu gura diegu ez jarraitzeko EAJ-ren azpijokoei, euren alderdiaren ardura politikoa estali, hau da, TTIP eta TISA bezalako eraso neoliberalei emandako babesa estali, eta eztabaida kutsatu nahi baitute.
Kapitalismoaren aurkako borroka, langile klasearen kontzientziazio eta aktibazioa ez dira huskeria. Ekintza ere eskatzen du, eta ekintza demokratikoa da, herri boterearen espresioa delako. Soilik kasta burgesaren aldebiko moralak salatu dezake pintura apur bat (dagoeneko garbitu dena), eta bitartean munduko miseria eta desberdintasun estrukturalak ahaztu, bere interesak jokoan daudelako.
Beraz, eztabaida honek guztiak azken finean erakusten duena da ekintzarik gabe ez dagoela benetako eztabaidarik eta estrategia neoliberalak ez direla jartzen gaurkotasunaren erdian. Horregatik ere, ekintzak beharrezkoak dira, instituzioetako mundu estuak herritarren borroka (benetako demokraziaren funtsa) ito ez dezan".