Horren harira, Inazio Azkarragaurizar alkateak salatu du 17 urte pasatu direla Uribetxeberria atxilotu zutenetik, eta orain arte ez diotela leporatu orain leporatu dioten delitua. Hori horrela, alkateak azpimarratu du epaitu gabeko auzi bategatik, epaitutako guztiengatik baino neurri gogorragoak jarri dizkiotela. Eta horrek, besteak beste, etxe aurrean polizia jarri beharra ekarri duela, alkatearen esanetan, tentsioa areagotuz.
Legea aplikatzeko eskaera
Gauzak horrela, alkateak Josurekin egiten ari direna "eskandalagarria" dela salatu du: "Ez dugu onartzen Josu etxean espetxeratzea eta bere bizitzaren azken fasea duintasunez igarotzen uztea eskatzen dugu. Aplika diezaiotela legea eta utz dezatela libre, eta berarekin batera gaixorik diren preso guztiak. Beraien eskubidea da".
Edozelan ere, Uribetxeberria “animoso” ikusi dutela azpimarratu du Inazio Azkarragaurizar alkateak. Eta jakinarazi du gaur egungo egoera politikoarekin lotuta, Uribetxeberriak honako mezua helarazi dietela: "Jarrai dezagula konponbidearen eta bakearen alde egiten, bide onetik goazela".
Inazio Azkarragaurizar alkatearekin batera, Uribetxeberria bisitatzen izan dira Maider Morras, Arrasateko Udaleko bozeramailea, Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko Arrasateko Herri Bilguneko ordezkari Ramon Urrizalki eta Jabi Uribetxeberria, preso arrasatearraren anaia.
Denborak ez du etenik, gaixo larriak kalera! Iosu askatu! lemapean egingo dute hilaren 13ko manifestazioa, Arrasaten.