Josu Uribetxeberriaren askatasuna eskatu dute Arrasateko kaleetan

Txomin Madina Milikua 2014ko eka. 13a, 21:10

Deitzaileen arabera, mila pertsona inguru batu ditu "Denborak ez du etenik... Gaixo larriak kalera! Josu askatu!" leloarekin egin duten manifestazioak. Berau bukatzean irakurritako adierazpenean salatu dute orain jarri dizkioten neurrien atzean dagoen arrazoia "mendekua" dela.

Kalera kalera kantuarekin hasi eta Xalbadorren heriotzean eta Araban bagare abestiekin bukatu dute gaur arratsaldean Josu Uribetxeberriaren egoera salatu eta bere askatasuna eskatzeko Arrasaten egin duten manifestazioa. Berau deitu duten Euskal Preso eta Iheslarien Eskubideen Aldeko Herri Bilguneko kideek adierazi dutenez, mila pertsona inguru batu ditu Herriko Plazan hasi eta amaitu den manifestazioak; Arrasatekoak eta baita Debagoieneko hainbat herritatik gerturatutakoak ere.

Herriko erdigunetik egin duten ibilbidean zehar, etengabeak izan dira preso arrasatearraren askatasuna eskatzen zuten oihuak. Uribetxeberriaren etxe ondotik ere pasatu dira, eta ordurako balkoian zuten zain preso arrasatearra; txaloz agurtu dute hainbat eta hainbat manifestarik.

Prozedura judizial "zentzugabea"

Behin manifestazioa amaitutakoan, Mariasun Pagoagak hartu du hitza deitzaileen izenean. Irakurri duen adierazpenean azaldu duenez, minbizia egoera aurreratuan zegoelako kaleratu zuten Uribetxeberria eta gaineratu du ziur daudela, legeak dioen moduan, gaixotasuna antzeman zioten lehen aldian kaleratu izan balute, egun egoera hobean egongo litzatekeela.

Esan du baita ere preso arrasatearrak uneoro bete izan dituela irten zenean Zaintza Epaitegiak jarritako neurriak eta salatu du bizirik jarraitzen duenez, prozedura judizial "zentzugabea" ireki diotela, etxetik irtetea debekatuz eta etxean preso edukiz. Atxilotu zutenetik hamazazpi urte pasa eta gero  duela 30 urte egindako ekintza bat leporatu izanaren atzean, mendekua dagoela salatu du, eta, gaineratu, "lehenago hil dadin" jarri dizkiotela epaileek jarri dizkioten neurriak. Adierazpenarekin bat egiten dutenek Uribetxeberriaren egoera salatu eta bere eta gaixo dauden gainerako euskal presoen askatasuna eskatzen dutela ere azpimarratu du Pagoagak. Giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen alde daudela esanaz eta bihar Baionan egingo den manifestaziora joateko deia eginaz amaitu du adierazpena.

Gaur arratsaldean herrian beste ekintza batzuk ere egon direla aintzat hartuta, gustura agertu dira manifestazioaren antolatzaileak deialdiak izan duen erantzunarekin, eta ekintza gehiago antolatzeko asmoa ere badutela ere gaineratu dute.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak