Domekako herri galdeketaren atarian atzo egindako prentsaurrekoan, Aretxabaletako EH Bilduk berretsi zuen %80tik gorako birziklatze tasekin jarraitzea dela bidea, hor dagoela euren iparra. Berretsi dute sistemaren gainetik emaitzak direla garrantzitsuena: "Hondakinak zabor bihurtzea onartezina da, kutsatzea kaltetzea baita, besteen eskubideak urratzea", adierazi zuen Xabier Igartua zinegotziak.
Udaleko talde guztiek %80tik gora selektiboki biltzea jarri dute helburu eta aukeratzen den sistema aukeratzen dela, %70etik beherako emaitzak lortuko balira neurri zuzentzaileak hartuko lirateke. EH Bilduren arabera, gaur egun konprobatu da, Arrasateko ereduarekin besteak beste, sistema batek baino gehiagok lortu duela adostutako emaitzak ematea: "Ez dugu nahi helburuak eta bitartekoak nahastea. Bitartekoak ezberdinak izanda ere, sistema guztiek helburu bera izan behar dute. Gaur egun, zorionez, sistema batek baino gehiagok lortu du emaitza horiek ematea".
Orain arte atez ateko sistemarekin lortutako %80tik gorako emaitzak direla-eta herritarrak zoriondu gura izan ditu koalizio ezkertiar eta abertzaleak: "Aretxabaletarrok etxeko lanak egin ditugu eta erraustegia beharrezkoa ez izatea lortu dugu". Gainera, bideo bat ere egin dute galdeketara begira dituzten mezu garrantzitsuenak aretxabaletarrei helarazteko. Domekan herritarrek Kurtzebarri ikastetxean eman ahalko dute botoa goizeko bederatzietatik arratsaldeko zortzietara.