"Bosgarren edukiontzia jartzeko" botoa ematera gonbidatu ditu EAJk aretxabaletarrak

Mirari Altube Arrese 2016ko urt. 18a, 08:00

Aretxabaletako EAJk uste du herritar gehienek etxeko zaborrak biltzeko atez ateko sistemaren "aurkako jarrera" erakutsi zutela kontsulta loteslea eskatu zutelako. Eta gaineratu du hauteskunde programan esandako moduan kontsulta abian jarri duela. Orain aretxabaletarrak gonbidatu gura ditu bozketan parte hartzera, "bozkaren bitartez egungo zabor-bilketa sistema zuzentzeko eta bosgarren edukiontzia jarri".

Atez atekoa jarri zenetik "desordenaz eta kudeaketa arazo ugariez" konturatzeko denbora egon dela diote, eta horiek nabarmen egiten dietela "traba erabiltzaileei". Era berean, "%26,66 aurreztuko" lukeela Aretxabaletak bosgarren edukiontziaren sistemarekin gaineratu du.

Hona idatzia osorik:

"Aretxabaletako EAJ-PNVren ustez, aretxabaletar gehienek, etxeko zaborrak biltzeko atez ateko sistema indarrez jarri zenean, aurkako jarrera erakutsi zuen kontsulta loteslea eskatzean, 5. edukiontziaren aldeko Plataformak bultzatu zuena. Kontsultaren eskaria 1700 sinatzailek baino gehiagok babestu zuen, eta notarioaren berrespenaren ostean, erreferenduma egiteko eskaera bilakatu zen. Aurreko Udalak eskariari ez zion jaramonik egin, eta horrela, aretxabaletarron borondatea mespretxatu zuen.

Egoera horren aurrean, EAJ-PNVk hauteskunde programan hitza eman zuen kontsulta egingo zuela, Udal Gobernuan egoteko beharrezko bozkak lortuz gero. Eta horrela izan da. Ondorioz, Udalak kontsultaren prozedura abian jartzea adostu du, eta urtarrilaren 14 eta 24 artean izango da.

Bitartean, aukera izan dugu desordenaz eta kudeaketa arazo ugariez konturatzeko, zeintzuek, gure ustez, nabarmen traba egiten dieten erabiltzaileei. Gainera, Mankomunitateak egindako ikerketa baten arabera, Aretxabaletak %26,66 aurreztuko luke 5. edukiontziaren sistemarekin.

Horregatik guztiagatik, aretxabaletar guztiak gonbidatzen ditugu bozketan parte hartzera, euren iritzia eman dezaten eta bozkaren bidez egungo zabor-bilketa sistema zuzendu 5. Edukiontzia jartzeko, erabilgarriagoa eta merkeagoa. Era horretan, guztion konpromisoa bermatuko dugu, denon artean lortzeko, modu aktiboan eta borondatez, garbitasun eta birziklapen helburuak, aretxabaletarrak alferrik behartu gabe eta ahalik eta kostu txikienaz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak