Josu Lizarralde: "Tokiko garapena sustatzeko hainbat proiektu abiaraziko ditugu aurten"

Amaia Txintxurreta Guridi 2014ko ots. 20a, 13:20

Eskualdeko garapena sustatzeko dituen planen berri eman zuen Debagoieneko EHBilduk Antzuolan. Azaldu zuten bi zutabe nagusi zehaztu dituztela: eraldaketa sozialaren plana, batetik, eta eraldaketa ekonomiko eta enpresarialeko plana, bestetik. Horrez gain, bailarako industriaren mapa egiten dabiltzala ere adierazi zuten eta merkataritza edota lehenengo sektorea indartzeko planak ere azaldu zituzten.

Hasiera eman zioten atzo, eguaztena, Debagoieneko EHBilduk antolatutako hitzaldi sortari, Antzuolan. Ehun industrialaren galera eta tokiko garapena izan zituzten berbagai Jone Etxeberria EHBilduren ekonomia arduradunak eta Josu Lizarralde Debagoieneko Garapen Agentziako lehendakariak. Etxeberriak sarrera teoriko bat egin zuen tokiko garapenari buruz, eta ondoren, Lizarraldek hori gure eskualdera nola egokitu duten azaldu zuen.

Bi zutabe nagusi

Lizarraldek adierazi zuen bi zutabe zehaztu dituztela: alde batetik, eraldaketa sozialerako plana, eta bestetik, eraldaketa ekonomikorako eta enpresarialerako plana.

Eraldaketa sozialari dagokionez, azaldu zuen eskualdeko eragileekin aztertzen ari direla kontua, batez ere gai horretan lidergoa daraman Bagararekin. "Bagarak lidergoa darama kultura parte-hartzailean, auzolanean... horren sustapena bultzatuko dugu hori izango delako oinarri garapenerako", esan zuen Lizarraldek.

Eraldaketa ekonomiko eta enpresarialeko planari dagokionez, pertsona eta formazioa hartu dituzte kontuan: "Hainbat programa egingo ditugu ekintzailetasuna, berrikuntza edota sormena bultzatzeko. Eskualdeko hezkuntza zentro guztiekin elkarlanean ari gara gainera".

Hiru sektoreak kontutan

Beste alde batetik, mapa industriala ere egiten ari dira eskualdean zein enpresa ditugun eta bakoitzaren pisua nolakoa den aztertzeko. Eta gaitasun eta konpetentzien azterketa bat ere egingo dute 1. eta 3. sektorean bailaran zein baliabide ditugun jakiteko.

Merkataritza plana ere bai

Merkataritzak ere bere plan berezia izango du. Bertan, tokiko merkataritza eta komertzio txikiak defendatzeko hainbat ekimen egingo dituzte bailarako herrietan: "Hainbat ekimen egingo ditugu bailarako herrietan baina txapel komun bat izango dute guztiek; moneta sozialaren proiektua".

Bestelako proiektuak

Beste eremu bat izango da dibertsifikazioa eta enpresa proiektua. Hor azterlan batzuk egiten ari dira torlojugintzan eta zerrailgintzan sektore horiek oso garrantzitsuak direlako eskualdean, euren esanetan

Eta lehenengo sektoreari lotuta, Leintz Gatzagan kokatzen duten Leintz Gatzitzen proiektua daukate eskuartean. Herrian berriro gatzaren ekoizpenarekin hasteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak