Euskal Herriko probintzia bakoitzeko zazpi gaztek idatzitakoa da 24. Korrikako mezua eta egileetako bat da Oihana Arana Cardenal eskoriatzarra.
Debagoienera iritsi da 24. Korrika eta Leintz Gatzagatik Antzuolara bitartean zazpi herri zeharkatu ditu, 127 lekuko aldaketa eta 50 kilometro eginda.
24. Korrika abiatu da. Atharratzen egin ditu lehen metroak lekukoak eta ospakizun giroan eman diote hasiera. Eta Korrikaren lehen unetik egon da Goiena Komunikazio Taldea lanean, EITBren eta Euskal Herriko beste hainbat hedabideren arteko elkarlanari esker.
Euskara gara! leloarekin herritar mordoa pilatu da Debagoieneko txoko guztietan. Horrenbestez, une hunkigarriak, irudi kuriosoak eta bizipen ahaztezinak jaso dira kaleetan, lekukoaren bueltan. Hona hemen laburpen txiki bat.
Goizaldean pasatu da 24. Korrika Debagoienetik baina inor gutxi geratu da ohean. Kaleak herritarrez bete dira lekukoari ongietorria emateko eta asko eta asko izan dira haren atzetik ibili direnak. Ilusioz gainezka ziren etorri aurretik kale bazterretan zain eta bukatutakoan pozik eta aseta.
Goienak, beste urte batez, Goienakideen esku utzi du lekukoa eramateko aukera. Antzuola hautatu du horretarako gune, bederatzi urteren ostean Korrika bertatik pasatuko zela jakinik. Eta Jesus Kortabarria Kaxeta-k eta herri horretako berriemaile den Hasier Larrea kazetariak eroan dute, Goienako presidente Monika Belastegik lagun eginda.
Goizaldeko 05:00ak aldera sartu da 24. Korrika Oñatiko lurretan, Arrasate atzean utzita. Herrian zehar 28 kilometro egin ditu –2780tik 2807ra–, eta 28 entitatek eraman dute lekukoa, eskuz esku.
Aurten Antzuolara ere iritsi da Korrika eta herritarrek harrera ezin beroagoa egin diote lekukoari. Herrian zehar 9 kilometro egin ditu –2832tik 2840ra–, eta bederatzi entitatek eraman dute, eskuz esku. Aldapan gora lasterka egitea tokatu zaie azken kilometroetan eta deskargatik bueltan Urretxu aldera joan da Debagoiena atzean utzita.
Goizaldeko 06:30ak aldera iritsi da 24. Korrika Bergarara, Oñati atzean utzita. Herrian zehar 24 kilometro egin ditu –2808tik 2831ra–, eta 26 entitatek eraman dute lekukoa, giro ederrean, Antzuola aldera abiatu den arte.
Aurten ez da iritsi Elgetara Korrika, baina hango herritarrek parte hartu gura izan dute. Hala, Udalak kilometro bat erosi du eta Elorregi pasatutakoan hartu eskuetan eta aire astindu dute.
Goizaldeko 04:10ak aldera iritsi da 24. Korrika Arrasatera, Aretxabaleta atzean utzita. Herrian zehar 36 kilometro egin ditu –2744tik 2779ra–, eta 45 entitate inguruk eraman dute lekukoa, eskuz esku, giro ederrean, Elorregira arte.
Goizaldeko 03:40ak aldera iritsi da 24. Korrika Aretxabaletara eta lekukoa eskoriatzarren eskuetatik jaso dute. Aurten ibilbidea luzatu egin dute eta jira eta bira ibili dira hainbat kaletan –2714tik 2718ra–. Guztira 18 entitatek eraman dute lekukoa, giro ederrean, Arrasateko lurretan sartu arte.
Goizaldeko 3:00ak aldera iritsi da 24. Korrika Eskoriatzara, Leintz Gatzaga atzean utzita. Herrian zehar 10 kilometro egin ditu –2719tik 2728ra–, eta 12 entitatek eraman dute lekukoa, eskuz esku, giro ederrean, Aretxabaletara aldera abiatu den arte.
Bost kilometro egin ditu Korrikaren lekukoak Gatzagan –2714tik 2718ra– 02:40ak bueltan sartuta eta 14 entitatek eraman dute eskutik eskura.
Korrika ez da Aramaiotik pasatu aurten ere baina aramaioarrak ez dira geratu lasterka egin barik, bi kilometro izan baitituzte horretarako –2713 eta 2714–. Mugaren beste aldean, Legutioko lurretan hartu dute lekukoa elkarteek eta Gatzagan sartutakoan Udalak.