Oihana Arana eskoriatzarra da 24. Korrikako mezuaren egileetako bat

Idoia Aranbarri Arzuaga 2026ko martxoaren 29a

Euskal Herriko probintzia bakoitzeko zazpi gaztek idatzitakoa da 24. Korrikako mezua eta egileetako bat da Oihana Arana Cardenal eskoriatzarra.

2.175 kilometro eta 3.400 lekuko hartze baino gehiagoren ostean, iritsi da lekukoa Atharratzetik Bilboko udaletxera, eta hantxe, azken kilometroan jakin da nortzuk diren 24. Korrikaren egileak: Leire Casamajou Elkegarai (Sohutä, 2002), Elene Mengyu Larrinaga Bilbao (Barakaldo, 2003), Aitzol Gil de San Vicente Pla (Hendaia, 2003), Oier Iñurrieta Garmendia (Gasteiz, 2000), Beñat Jusue Rosano (Tutera, 1998), Oihana Arana Cardenal (Eskoriatza, 2001) eta Xalbat Alzugarai Etxeberri (Urepele, 2001).

Oihana Arana: "Gorputz politiko bezala ulertzen dugu Korrika bera ere"

Sorkuntza kolektiboko prozesua izan da aurtengo mezua sortzearena. Oihana Arana eskoriatzarrak adierazi duenez, erronka polita eta interesgarria izan da: "Nahiko lan txukuna izan dela esango nuke". Egileek Euskal Herria gorputz gisara irudikatu dute. "Feminismoak eta transfeminismoak egiten dutena da sarri horrekin. Gauzak gorputzetik pasa behar direlako aldarri hori egin nahi genuen testuaren markotik. Ideia hori topatu genuenean idazketatxoak egin genituen eta nolabait moldatu gara", gehitu du.

Testuari buruz azaldu du erakutsi nahi izan dutela euskal gazteria euskalduna dela: "Azkenean, gorputzez mintxo garenean horretaz ari gara. Ez gara gorputz fisikoaz bakarrik ari. Emozioak gorputzaren parte dira; pentsamenduak, gorputz politiko bezala ulertzen dugu Korrika bera ere".

Orainean bai, baina etorkizunera begira jarri dira mezuan: "Uste dut adierazi dugula gure konpromisoa. Oraina berehala amaitzen dela eta etorkizuna luzea dela uste dut. Guk eman dugula pausoa; bagentozen. Beti esaten da etorkizuna gazteena dela. Orainean bizi gara. Ekiten dugu. Uste dugu AEKk guri aitortza egitea ere badela polita", dio Aranak. Horregatik, mezua gonbidapen batekin amaitu dute: "Gu bagaude, zuek ere etor zaitezte eta goazen aurrera".

24. Korrikaren mezua

Honakoa da 24. Korrikaren mezua:

Euskara gara eta hemen gaude. Eskutik eskura trazatu dugu gure herriaren gorputzkera.

Hatsanturik, baina aitzina eraman gaitu gorputzak. Urrats bat eta bestea, lurrean errotuz.

Korrika dabilenean izerdiz betetzen den gorputza da gurea. Borrokaren eta desiraren aztarnak harro daramatzana. Korrika dabilenean taupadak azkartzen zaizkion gorputza da gurea. Asaldatu egiten dena. Nekatu egiten dena. Hunkitu egiten dena. Korrika dabilenean indarberritzen den gorputza da gurea. Etengabeko eraldaketak aberasten duena. Beti aurrerantz doana.

Sohütatik, Urepeletik, Tuteratik, Hendaiatik, Barakaldotik, Gasteiztik, Eskoriatzatik... pasatu den gorputz bat egin dugu. Basa, asfaltoa, belarra, harea... zapaldu dituena. Lur zati bakoitzeko eleak ikasi dituena. Pauso sendoz dabilela dirudi, baina zalantzia ere bada gure gorputza. Birpentsatu zalea, beharrezkoa denean iritzia aldatzen duena.

Gure gorputzak esan nahi duen dena euskaraz da, baina ez du esan nahi bakarrik euskaraz. Egin nahi du berba nekeaz, pozaz; botereaz, minaz. Egin nahi die orro batzuei eta irri besteei.

“Zenbat gara?” galdetzen genuenok nortzuk garen ere jakin nahi dugu orain. Nondik garen, zergatik egiten dugun hau guztia, zerk sortzen duen gutasuna. “Euskara gara” diogu, ez “euskara naiz”. Komunitateaz ari gara. Beso zabalik dagoen gorputzaz, zeinak leihoak dituen begietan.

Urrats bat eta bestea, gorputz bat egin dugu denona. Ez dezagula ahaztu hori bihar, bakoitza berera itzultzen garenean. Euskarak egin du gorputza. Hizkuntzak eraldaketarako tresnak dira, leku bat ematen digute bizi gaitezen. Euskarak herri hau eman digu. Horregatik mintzo gara izateaz, egiteaz. Euskaraz egin egiten da, baina izatea ez da edozein gauza. Izatea egotea ere bada, nonbait mugimenduan, borrokan.

Urrats bat eta bestea, aurrekoei jasoa dakargu ahots berrietan. Honaino heldu gara, bai, baina ez gara iritsi. Oraina berehala amaitzen da. Azalberrituta datoz munstro zaharrak, baina gorputz bat sortu dugu. Askotarikoa, konprometitua, indartsua. Eta gaur hemen badago, egongo da bihar ere.

Euskara gara eta hemen gaude. Hemen gara eta euskaraz gaude.

Aurrera goaz. Bazatoz?

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak