San Migel eta Errosaixo jaiak hilaren 28tik urriaren 5era bitartean ospatuko badira ere, hilaren 18tik aurrera lehertuko da festa Oñatin. Aurtengo jaiek 305.000 euroko aurrekontua izango dute, eta ohiko osagaiak izango dituztela adierazi dute udal ordezkariek. "Aurtengo egitaraua aurreko urtekoaren oso antzekoa da. Berrikuntzetarako ez da tarte handirik egoten, izan ere, eragileek argi dute zein den haien eskaintza", azaldu du Oñatiko Udaleko kultura batzordeburu Iñaki Olaldek.
Gaur goizean hasi dira egitarauak etxez etxe banatzen, eta bertan azalduko dira irailaren 18tik urriaren 5era bitartean izango diren ekintzak. Musika emanaldiek eta kale ikuskizunek pisu handia izango dute aurtengo jaietan. Guztira hemeretzi ikus entzunezko emanaldi izango dira jaietan, eta nabarmentzekoa da horietako lehena.
Latzen, hilaren 26an
Oñatiko Latzen taldea etxera itzuliko da, eta hilaren 29an kontzertua emango du hamazortzi urteren ondoren. "Plater nagusia izango da, eta bai herritarrek aukera izango dute hainbeste urteren ondoren Latzen herriko plazan entzuteko".
Jaietako beste klasiko bat da herri eguneko bazkaria. Atzo jarri ziren salgai bazkarira joateko txartelak, eta ordu laurdenean agortu ziren bazkarirako salgai zeuden 640 txartelak. "Atzokoak argi utzi zuen herriari gustatzen zaion ekitaldi bat dela. Guri gustatuko litzaiguke ahalik eta jende gehien etortzea bazkarira, baina edukiera beteta dago. Hori bai, hemendik aurrera guk ere hausnartu behar dugu egingo dena zer izan behar den erabakitzeko".
'Ospatu, errespetatu, ardura hartu'
Udaletik azpimarratu dute ez dutela inolako erasorik onartuko Oñatiko jaietan eta denen gozamenerako egunak izan behar direla hauek. Hala ere, eraso sexisten aurrean 'Ospatu, errespetatu, ardura hartu' izeneko kanpaina abiarazi dute. "Beste urte batzuetan bezala telefono bidezko arreta bat egongo da 20:00etatik 08:00etara, eta informazio puntu batzuk ere egongo dira irailaren 28an eta herri egunean. Horrez gain, jai egunak ez direnean emakumeen etxeak ateak zabalik izango ditu eta edonork behar baldin badu aukera izango du", nabarmendu du Oñatiko Alkate Izaro Elorzak.
Aurkezpenean, egitaraua osatzen laguntzen duten herriko eragileei eskerrak eman dizkie alkateak, eta jaietan parte hartzeko dei egin die herritar guztiei.