Gaur eman diote amaiera egubakoitzean hasitako espeleologia jardunaldiei; Arrikrutz koba bisitatu eta parte-hartzaile guztiek batera bazkalduz. Finkatu zuten helburu nagusia bi kobazuloak elkartzea zen arren, Joseba Dorado Euskal Espeleologia Elkargoko presidente eta Aloña Mendiko kideak azaldu duenez, "bagenekien ez zela zeregin erraza izango".
Lehenengo taldea atzo eguerdian atera zen leizetik, eta jasotako datu topografikoak aztertuta, 140 metro egin ondoren erreka berri bat aurkitu dutela jakinarazi dute. Hala ere, aurkikuntzak ez du espero zuten emaitza ekarri: "Pena izan da, erreka zuzenean aurrera joango balitz Gesaltzara iritsiko ginatekeelako, baina faila batek beste aldera desbideratu du", azaldu du Doradok.
Ondorioz, bi kobazuloen arteko lotura ez da oraindik gauzatu, dena den, egindako lanak bide berriak ireki ditu. "Joan gara kobak konektatu zitezkeen argitzera, eta lan gehiago ekarri dugu" adierazi du Doradok.
Aurrera begira, esploratzaile talde txiki bat dago jada bertara itzultzeko prest. "Gogotsu" agertu dira, eta maiatzeko zubian berriro sartzeko asmoa dute, dagoeneko muntatuta dagoen bibaka baliatuz eta beste saiakera bat eginez.
Sarrera berri bat
Bestalde, bigarren taldeak beste aurkikuntza esanguratsu bat egin du: 60 metroko eskalada baten ondoren, muxar bat aurkitu baitute bizirik. Aurkikuntza horrek balizko sarrera berri baten hipotesia indartu du, eta horrek etorkizuneko esplorazioak erraztu ditzakela azaldu du Josebak, gaur egun behar diren 4-5 orduak murriztuz.
Egitarau oparoa
Esplorazio lanaz gain, jardunaldiek egitarau oparoa izan dute egunero. Afalostean hitzaldiak egin dituzte, besteak beste, koben morfologiaz, bertako faunaz, urpeko esperientziez eta espeleologiaren inguruko beste hainbat gairen bueltan. Domekan, gainera, beteranoen eguna ospatu zuten, esperientziak partekatzeko tartearekin.