Oñatikoa Erkidegoko kobarik sakonena dela erakusten saiatuko dira Aste Santuan

Oihana Elorza Gorostiza 2026ko martxoaren 27a

Lur azpitik 416 metrora jarrita duten bibaka (Argazkia: Euskal Espeleologoen Elkargoa).

31. Euskal Espeleologia Jardunaldiak egingo dira Arantzazun apirilaren 2tik 6ra. Lizartza 1 eta Gesaltza Arrikrutz kobak lotu gura dituzte.

Aloña Mendiko Espeleologia Taldearekin elkarlanean, Euskal Espeleologoen Elkargoak antolatutako jardunaldiak egingo dituzte Aste Santuan Oñatin; apirilaren 2tik 6ra, zehazki. Helburua da Lizartza 1 izeneko koba –egun 465 metroko desnibela eta lau kilometro pasako luzera du– Gesaltza Arrikrutz kobarekin lotzea –hamazazpi kilometroko luzera–. Biak elkartuta, desnibel handiena, sakonena, izango duen –560 metrokoa– Euskal Autonomia Erkidegoko koba izango litzakete.

Badituzte arrazoiak horretarako

Hori horrela izateko arrazoiak badituzte AMETeko kideek, baina laguntza behar dute bi koba horiek elkartzeko egin behar diren esplorazioak gauzatzeko, eta jardunaldi horiek aprobetxatuko dituzte horretarako.

Arantzazuko aterpetxean hartuko dute ostatu jardunaldietan elkartuko diren 25 espeleologoek. Zortzi indartsuenak lauko bi taldetan banatuko dituzte eta kobaren sakoneraraino jaitsiko dira –416 metro–, eta han jarrita dituzten bibaketan pasako du talde bakoitzak gau bat. "Joan den asteburuan prestatu genuen gune hori: kanpin-denda bat jarri genuen, lo-zakuak eta jatekoak eraman, ingurua txukundu... Bi sarrera ditu koba horrek: Lizartza ingurutik bat eta Atxuri azpian dagoen meazulo batetik bestea. Lehenengotik bibakak dauden tokiraino hemezortzi edo hogei orduko jaitsiera dago; bestetik, ordu pare bat gutxiago. Luzea eta neketsua da esplorazio hori. Aldiz, Gesaltza Arrikrutzetik elkartzen dela konprobatzen badugu, handik izango luke hirugarren sarrera, beste biak baino askoz hobea", azaldu du AMETeko kide Santi Ugartek.

Eguraldiaren menpe

Eta AMETeko espeleologoek badakite Gesaltzako kobatik gertu dagoela bibakak jarrita dituzten puntu hori: "Etxola bat egin duten Gesaltza baserriko zelaiaren parean egongo gara, ehun bat metro beherago. Biak elkartzea sekulakoa litzateke". Lan hori egiteko, baina, eguraldi ona egin behar du; euria eginez gero, ezingo dira sartu. Hori gertatuz gero, plan aldaketa egin beharko dute: "Pena handiarekin, zaila izaten da-eta puntako lanak egiteko horrenbeste espeleologo on elkartzea".

Lizartza 1 –lau kilometro pasa– eta Gesaltza Arrikrutz –hamazazpi– lotu gura dituzte

Espeleologo batzuek koba barruko esplorazioak egiten dituzten bitartean, Aloñako mendilerroko prospekzioa eta katalogazioa egingo dute beste batzuek. "Zulo berriak dauden ikusiko dugu, eta zaharren eguneraketan egin. Lizartzako goiko sarrera baino gorago dauden galeriak ere esploratu gabe daude, eta han ere ibiliko dira batzuk".

Hitzaldiak ere bai

Iluntzeetarako, hitzaldiak dituzte antolatuta aterpetxean, eta, azken egunean, ibilbide luzea duten eta espeleologian ibili izan diren kide asko elkartuko dira, espeleologiaz hitz egiteko. Arrikrutz kobara ere egingo dute bisita.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak