Lizartza 1 eta Gesaltza Arrikrutz lotzeko ahaleginean, espeleologoen jardunaldiak martxan

Izar Ruiz de Austri Arexolaleiba 2026ko apirilaren 4a

Kobara sartu den bigarren taldea. Iturria: Joseba Dorado.

Euskal Espeleologoen Elkargoak eta Aloña Mendi Espeleologia Taldeak 31. Euskal Espeleologia Jardunaldiak abiatu ditu, eta lehen egunek baldintza zailak eta une urduriak utzi dituzte lur azpiko lanean. Helburua Lizartza 1 koba Gesaltza Arrikrutz kobarekin lotzea da, eta hala, Euskal Autonomia Erkidegoko koba sakonena osatzea. 

Apirilaren 2an hasi zituzten jardunaldiak, baina euriaren ondorioz, ezin izan zen lehen taldea aurreikusitako moduan goiz horretan sartu. Eguraldia hobetu zenean, egubakoitz goizean, ekin zioten lanari.

Lehen taldea goizeko 10:00etan sartu zen kobara, eta 15:00etarako komunikazioa egitea aurreikusia zuten. Ordu hori iritsita, ordea, ez zuten lortu harremanik ezartzea, eta "kezka" piztu zen kanpoan. Joseba Dorado Euskal Espeleologia Elkargoko presidente eta Aloña Mendiko kideak azaldu duenez, komunikazio arazoen atzean uraren eragina egon zitekeela pentsatu zuten, izan ere, komunikazio puntuen azpitik erreka handia igarotzen da, eta horrek aparatuen funtzionamendua oztopatu dezake. Komunikatzeko aparatua apurtu edo busti zitekeela ere ondorioztatu zuten. 

Egoera ikusita, bigarren taldea beste komunikatzeko gailu batekin sartu zen arratsaldeko 18:00etan. Haiekin 23:00etan hitz egiteko asmoa zuten, izan ere, kalkuluen arabera, bost ordu behar dituzte kobaren barruan 416 metroko sakoneran ezarritako bibaketara iristeko. Hauekin ere, ez zuten komunikazioa zuzenean lortzerik izan. Doradok azaldu du, soinuen bidez komunikatzea lortu zutela: “Guk esaten genien ondo bazaudete, bi soinu egin”. Horrela, atzo gauean baieztatu zuten barruan zeuden zortzi kideak ondo zeudela. Gaur goizean, komunikazio puntua gorago kokatuta, lortu dute harreman zuzena ezartzea barruan daudenekin. 

.         

Sifoiaren aurrean, beste bideen bila

Komunikazioaren bidez jakin dutenaren arabera, bi kobak elkartzeko esplorazio lanek aurrera jarraitzen dute. Dena den, bost metroko putzu bat eta erreka bat gainditu ondoren, sifoi batekin topo egin dute, eta hori gainditzeko urpekaritza beharko litzateke. Beste bide batzuk bilatzeko, bi eskalada egin dituzte, baina oraingoz ez dute lotura lortzeko biderik baieztatu.

Ez da lehen aldia antzeko oztopo batekin topo egiten dutena: duela lau edo bost urte ere sifoi batek geldiarazi zuen aurrerapena. Halakoetan, azaldu du Doradok, atzera egin eta beste pasabide batzuk bilatzen saiatzen dira, oztopoa goitik gainditzeko.

Aurreikuspenen arabera, taldeetako bat bihar eguerdian irtengo da kobatik, eta bigarrena astelehenean. Oraingoz, ez dakite Lizartza 1 eta Gesaltza Arrikrutz kobak lotzea posible izango den, baina esplorazioak aurrera jarraitzen du, Euskal Autonomia Erkidegoko lur azpiko sare handienetako bat osatzeko aukerarekin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak