22,5 milioi euro izango ditu Oñatik 2026an

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 19a

22,5 milioi euro, azkena baino %1,86 handiagoa den aurrekontua izango du Oñatik datorren urtean. Atzo egindako abenduko ohiko osoko bilkuran onartu dute, EH Bilduren aldeko botoekin. Alderdi jeltzaleak aurkako botoa eman du.

Udal Gobernuko kideen botoekin onartutako aurrekontua "herria hobetzen jarraitzeko" aurrekontua da Izaro Elorza alkatearen esanetan. 2,4 milioi euro izango dira inbertsioetarako eta ia bi milioi euroko aurrezki arrunt positiboa, Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatuz.

Inbertsioei begiratuta, Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztia irisgarriagoak izateko lanak egin asmo dituzte, Olaitturri egokitu, Eltzian ikasketa gela bat jarri eta %5eko igoera herriko eragileendako diru laguntzetan. 

Alderdi jeltzaleak 10 proposamen egin dizkio hurrengo urteko aurrekontuari; horietatik bi jaso ditu Udal Gobernuak bereekin batera: Kalegoiena komun publiko bat jartzea eta Nazioarteko garapenerako lankidetzara bideratutako aurrekontuaren % 0,70eraino handitzea. Beste zortziak ez dituzte onartu, alkatearen esanetan gehienak joan den urtean egindako berdinak zirelako edo Udal Gobernuak berak ere badituelako bere planetan jasota, argiteria edo etxebizitza gaia, esaterako. "Dena den, 500.000 euro inguru izan ditugu zerbitzuak hobetzeko edo inbertsioetan igoerak aplikatzeko. EAJk aurkeztutako emendakinak, orotara, milioi eta ehun milara igo dira", gehitu du.

Xabier Mugarzarendako, baina, martxoan urte honetako likidazioa egiten denean txertaketak egongo dira gaur onartutako aurrekontuan, eta egoera ez da berdina izango. Horregatik eta eurek egindako proposamenen artean etxebizitzarena ez duelako onartu Udal Gobernuak, ezezko botoa eman dute. "Etxebizitzaren gaia oso garrantzitsua da guretako eta ez dugu ikusten hori Udal Gobernuaren aldetik nahiz eta esaten duten plan bat dutela". Udal Gobernuak erantzun du bailarako EH Bilduk ari dela etxebizitzaren inguruko plana egiten eta hori Oñatin aplikatuko dutela gero.

Urteko azken osoko bilkuran onartu du Oñatiko udalbatzak urte berriko udal aurrekontua. Aurtengoa baino %1,86 handiagoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak