Hamar proposamen egin ditu Oñatiko EAJk hurrengo aurrekontuei begira

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko abenduaren 16a

Xabier Mugarza eta Amaia Erostarbe zinegotzi jeltzaleak.

Kurtzekuan eta Kurtederian etxebizitzak eraikitzea, autobus linea berri bat sortzea Oñati eta Elorregi artean, Eltzian gimnasio bat sortzea eta Kalegoienan komun publiko berri bat eraikitzea dira egindako proposamenetako batzuk.

Datorren urteko aurrekontuetarako hamar proposamen egin dituzte jeltzaleek, "herritarren bizi kalitatea hobetzeko" garrantzitsuak direla ikusita. "Aurkezten ditugun proposamenak herritarrekin etengabe eta elkarlanean egindako lanaren emaitza dira. Haien beharrak entzun ditugu, eta, ekimen horien bidez, haien egunerokotasuna hobetu nahi dugu. Neurri horietako bakoitza gure udalerriaren garapenean aurrera egiteko pentsatuta dago, etxebizitzatik garraio publikoraino, kultura eta irisgarritasuna barne. Proposamen errealistak dira, Udalaren esku daudenak eta, guztion konpromisoarekin, gauzatu ditzakegunak", dio prentsara bidalitako oharrean Amaia Erostarbek, jeltzaleen udal ordezkariak. 

Jeltzaleek egindako proposamenak dira:

  1. Kurtzekuan eta Kurtederian etxebizitza-eraikuntza aktibatzea –Kurtzekuan udal jabetzako lurzatian etxebizitzen proiektua abiaraztea. 5.000 euro; Kurtederian lursaila erostea: Kurtederia inguruko orubea erostea, Eusko Jaurlaritzari lagatzeko, eta, hala, etxebizitzak eraikitzeko erabili dezan. 850.000 euro–.
  2. Oñati eta San Prudentzio artean garraio publikoko linea berri bat sortzea, Oñatiko bizilagunen konektibitatea garraio publikoaren bidez hobetzeko. 100.000 euro bideratzea proposatzen da.
  3. Oñatiko funtsezko hainbat lekutan pantaila digitalak instalatzea, komunikazio eta informazio publikoa hobetzeko, eta tokiko denden publizitatea egiteko. 30.000 euro.
  4. Eltzian gimnasio bat sortzea, egungo kiroldegiko kirol instalazioen eskaria arintzeko. 40.000 euro.
  5. Argiztapen publikoa. 15:000 euro –Errementeri plazaren eta Auzobarriren arteko argiztapena hobetzea: farola gehiago jartzea udalerriko ikuspena eta segurtasuna handitzeko– eta Olabarrietako goiko bidegurutzean farolak jartzea–.
  6. Kalegoienan komun publiko berri bat eraikitzea, herritarrentzat eskuragarri dauden zerbitzuak hobetzeko. 50.000 euro.
  7. Kontzejupetik udal aldizkaria gaztelaniaz irakurtzeko QR sistema bat txertatzea. 5.000 euro.
  8. Nazioarteko garapenerako lankidetzara bideratutako aurrekontuaren % 0,70eraino handitzea. 21.000 euro.
  9. Udal ordenantzak betetzea eta garbiketa hobetzea: espazio publikoak aldizka garbitzeko programa bat ezartzea, bereziki udal-ordenantzak betetzen ez diren lekuetan, udalerrian garbitasuna bermatzeko. 10.000 euro.
  10. Oñatiko Musika Eskolaren eraikina beste leku batean kokatzeko dauden aukerak ebaluatzeko azterketa bat egitea. 15.000 euro.

Akordioa lortzeko nahia

Xabier Mugarzaren hitzetan, aurrekontu hauek "Oñati hobetzeko tresna izan behar dute, eta horretarako beharrezkoa da talde guztiok elkarrekin lan egitea. EAJ-PNVn prest gaude hitz egiteko eta herritar guztien onurarako izango den akordio bat lortzeko, udalerriaren benetako beharrei erantzungo dieten proposamen argi eta zehatzekin". Jeltzaleek azpimarratu dute akordiorako prest daudela eta  "EH Bilduk ahalegin komun horrekin bat egitea" espero dutela. "Abenduko osoko bilkuraren bozketari begira akordioak lortzeko elkarrekin egindako lana funtsezkoa da Oñatik aurrera egiten jarraituko duela ziurtatzeko", gehitu du Erostarbek.

Eguenean, abenduak 18, 18:30ean, egingo den ohiko osoko bilkurako gaietako bat izango da hurrengo urteko aurrekontua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak