Inbertsioetarako 2,4 milioi euro aurreikusten ditu Oñatiko Udal Gobernuak 2026rako

Oihana Elorza Gorostiza 2025eko azaroaren 19a

Oñatiko Udal Gobernuko kideak atzo iluntzeko prentsa agerraldian.

Datorren urreko aurrekontu proposamena egin du Oñatiko EH Bilduko Udal Gobernuak: 22,5 milioi euro, azkena baino %1,86 handiagoa. Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztia irisgarriagoak izateko lanak, Olaitturri egokitzea, "etxebizitza eredu berri bat sortzeko" bidea hastea edo Eltzian ikasketa gune bat jartzea dira egin asmo dituzten ekintzetako batzuk.

Hurrengo urteko aurrekontu proposamena aurkeztu zuen atzo iluntzean prentsa aurrean Oñatiko EH Bilduko Udal Gobernuak. 22,5 milioi euroko proposamena da –22.495.557 euro–, aurtengoa baino %1,86 handiagoa; Izaro Elorza alkateak azaldu zuen moduan, "herria hobetzen jarraitzeko" aurrekontua da landu dutena, "berdinetik berdinerako ereduan oinarritzen dena, inor bazterrean utzi asmo ez duena, iraunkortasuna ardatz duena, herritarren partaidetza eta lurraldearen garapen orekatuan sustatzen jarraituko duena".

Datuak osatzeko, aipatu zuen inbertsioa 2,4 milioi euro pasakoa izatea aurreikusten dutela, "etorkizunerako beharrezko ditugun azpiegiturak sortzen edo hobetzen jarraitzeko". Gastu estrukturalak apur bat gora egingo duela aurreratu zuen, "joera jarraiki", eta hori "zerbitzu publikoak hobetzen jarraitzearen edota lan hitzarmen berriak aplikatzearen eraginez" dela. Udalak aurrezki arrunt positiboa izango duela ere esan zuen –bi milioi eurokoa, 2025ekoa bainao %11,5 handiagoa–, "Udalaren egonkortasun ekonomikoa bermatzen da, beraz".

Jaso dituzten hainbat proiektu

Udal Gobernuak datorren urterako jaso dituen asmoan artean, daude:

  • Diru laguntzak %5eko igoera orokorra izatea kultura, kirol eragileei eta auzoetako jai batzordeei bideraturiko diru laguntzetan.
  • Kale Zaharra eta Otadui zuhaiztiko irisgarritasun lanak egitea: 400.000 euro.
  • Olaitturri egokitzea: 125.000 euro –lurra konpondu, tartean–.
  • Etxebizitzaren auzian, proiektu berri bat lantzea Udalaren jabetzakoa den lursail batean etxebizitza eredu berri bat sortzeko aukerak aztertzeko; 15.000 euro.
  • Ikasketa gune bat sortzea Eltzian: 120.000 euro. Elorzak azaldu zuen euren asmoa dela ikasketa gelak unibertsitatean egokitzea, baina Aldunditik jakinarazi dietela unibertsitatea eraberritzeko lanak gura baino gehiago luzatu zaiela eta –hiru milioi euro lortu zituen Aldundiak unibertsitatea eraberritzeko eta Turismo Bulegoa hara leku aldatzeko– beraz, erabaki dutela aurreko agintaldian zuten ideia gauzatzea: ikasketa gela Eltzian egokitzea.
  • Erretiratuen etxea birgaitzen jarraitzea: 80.000 euro –sute arriskua saihesteko lanak egingo dituzte orain eta birgaitzeko beste batzuk datorren urtean–.
  • Urrats berriak zaintza planean –40.000 euro– eta harrera plan integralean –30.000 euro–.
  • Partaidetzazko aurrekontuei lotutako proiektuak: 300.000 euro.
  • Olalan Coworking guneko klimatizazio lanetarako 55.000 euro.
  • Ikastetxeen diru laguntzetarako 113.700 eurok eta beste 57.000 euro ikastetxe eta hezkuntza komunitateko eragileen arteko elkarlanerako proiektuetarako.
  • Musika eskola birgaitzeko, 35.000 euro.
  • Ondarearen diagnosirako eta mantenu lanetarako, 15.000 euro
  • Oneko energia komunitateari laguntzeko, 10.000 euro.
  • Bakardade programako ekintzetarako, 10.000 euro.

Ospakizun bereziak 2026an

Aurrekontuan jaso ez diren proiektuak ere izango direla gaineratu zuen Elorzak, "Oñatiko argindar merkaturatzailea sortzea", kasu. Bestalde, diru partida horiez gain, datorren urtean egingo diren bi ospakizun berezi ere jaso dituzte aurrekontu proposamenean: Oñati abesbatzaren 60. urteurrena, Atzeko kaleko jaien 100. urteurren ospakizuna, eta "egonkortzera datorren" blues jaialdia ospatzeko partida –12.000 euro–.  

Alkateak eskerrak eman zien Udal Gobernua osatzen duten kideei, "euren eta sail guztien lanari esker landutako aurrekontu proposamena" delako aurkeztutako hau. Gaineratu zuen EH Bilduren herri programa eta euren gobernantza eredua izan dituztela oinarrian eta "arduraz eta konpromisoz" landutakoa izan dela. Baita euren proposamen hauek dagoeneko oposizioaren esku daudela.

Datorren urteko aurrekontua onartzeko eztabaida abenduaren osoko bilkuran izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak