Zuhaitz-landareak, lora sikuak, arbolak, loreak, eztia zein ukenduak ikusteko zein erosteko aukera izan zen. Hainbat urtetan bezala, Muruetatik etorri zen Nekane Torrontegik inauteriak zirela eta ez zela ohiko mugimendua egon adierazi zuen: "Urtero etortzen gara, baina, aurtengoan oso jende gutxi dabil inauteriak direla eta". Hala ere, Oñatik plaza ona izaten jarraitzen duela esan zuen. Horrekin batera, urtero azokara gerturatzen diren bezero batzuk ere badirela nabarmenduz.
Zuhaitz Azokak maiztasun gutxirekin egiten direnez, saltzaileentzat eta bezeroentzat garrantzitsuak eta bereziak direla gaineratu zuen Torrontegik. Horrelako azokak herrian egiteak duen garrantzia berretsi nahi izan zuen Natur Eskolako kide Nahia Barrenak. Alde batetik, saltzaileentzat erakusleiho direlako, bestalde, erosleek herrian ez duten hori erosteko aukera izaten dutelako.
Ingurumen jardunaldien itxiera
Natur Eskolaren Ingurumen Jardunaldien harira, otsaileko azken bi asteetan zehar askotariko jarduerak egin dituzte, hala nola erakusketak, hitzaldiak, irteerak, bisita gidatuak eta proiekzioak. Erakusketan bisitari asko egon dira, txoriak ikusteko egindako irteeran 40 lagun egon ziren, eta hitzaldietan ere herritarrek parte hartu dute. Hori horrela, Natur Eskolatik balorazio positiboa egin dute jardunaldiari dagokionez: "Egia esan oso gustura gelditu gara aurten ere jendetsuak izan direlako antolatu ditugun ekintzak", gainera, herritarren aldetik jaso duten balorazioa ona izan dela nabarmendu dute.
Natur Eskolarentzako ere garrantzi handikoa izan da jardunaldiak itxi dituen Zuhaitz Azoka, azken urteetan parte hartu duten mintegien eta postuen kopuruaren beherakada eman den arren.