Goiz freskoari aurre eginez, apurka apurka joan dira herritarrak Zuhaitz Azokako postuak ikustera. Zuhaitz-landareak, lora sikuak, arbolak, loreak, eztia, ukenduak... Horiek guztiak ikusteko eta erosteko aukera izan dute. "Oñati plaza ona izan da beti, baina, gaur apur bat motelago gabiltza. Akaso, Aratuste-zapatua izateak badauka eragina. Dena den, beti da plazera Oñatira etortzea. Izan ere, horrelako azokak egiten diren leku bakanetakoa da. Guretzat behintzat, oso inportanteak da gure produktuak herritarren bistara ipintzea" esan du Muruetatik etorri den Nekane Torrontegik.
Natur Eskolarendako ere oso inportantea da Zuhaitz Azoka, azken urteetan parte hartu duten mintegien eta postuen kopuruak behera egin duen arren. Aurtengo azokak bukaera eman die Ingurumen Jardunaldiei. "Pozik gaude Ingurumen Jardunaldiek emandakoarekin. Erakusketan bisitari mordoa egon da, txoriak ikusteko egindako irteeran 40 lagun egon ginen, eta hitzaldietan ere herritarrek parte hartu dute. Feedback ona jaso dugu herritarren partetik", adierazi du Natur Eskolako kide Nahia Barrenak.