Hurrengo asteburuan hasiko dira ofizialki Oñatiko jai nagusiak, baina asteburu honetan bertan motorrak berotzen joateko ekintza dezente egongo dira. Hain zuzen, irailaren 28tik urriaren 7ra bitartean egongo diren ekintzak jasotzen dituen programa aurkeztu dute goizean Kultur Etxean eta dagoeneko etxez etxe banatzen hasi dira; Izar Mendiolak egindako kartela darama azalean. Aurten arreta berezia jarri dute piktogrametan. "Aurten indartu egin ditugu piktogramak. Ekintza gehienen alboan irudiak ageri dira, etxeko txikienek eta behar bereziak dituztenek, ze ekintzekin lotuta dauden jakiteko" adierazi du Iñaki Olalde Udaleko kultura batzordeburuak.
Musika emanaldiak, haurrentzako eskaintza zabala, kirol hitzorduak, herri bazkariak, sokamuturrak eta bestelako ekintza ugari ezberdin jasotzen ditu aurtengo egitarauak; denak baina herriko eragile ezberdinekin aurrera eramanda. Nobedade nabarmenik ez dago, baina azpimarratzekoen artean danborrada nagusiak izango dituen berrikuntzak dira. "Bi konpartsa berri, txalekodunak eta baserritarrak, sartu dira. Honek esan gura du 350 bat laguneko danborrada izango dela, parekidea eta parte-hartzailea" azpimarratu du Olaldek.
SÜNE eta Esne Beltza
Musika eskaintza zabala egongo da aurten ere, baina badira pare bat azpimarratzekoen artean. SÜNEren kontzertua irailaren 29an izango da 23:00etan plazan eta Esne Beltzarena, aldiz, urriaren 4an, hau ere 23:00etan plazan; euren agur bira egiten ari dira. Gainontzean, Africa Bibang, Puro Relajo, Siempre Sabina tributu taldeen doinuekin ere gozatu ahalko da. Txosnagunera gerturatzen direnek ere Los Zopilotes Txirriaos taldearekin gozatuko dute.
Zezenek ere izango dute euren lekua, aurten bi egunetan egongo dira, irailaren 30ean eta Urriaren 7an. Etxeko txikienek ere entzierro txikia izango dute, irailaren 30ean arratsaldeko 16:45tan. Etxeko txikienen gozamenerako ez dira faltako barrakak eta domeka honetan bertan euro bateko prezioan egongo dira. Gainera 17:0etatik 19:00ak bitartean musikarik gabe egongo dira barrakak aniztasun funtzionala duten haurrengatik.
Eraso sexistak
Aurten ere udaletik azpimarratu dute ez dutela inolako erasorik onartuko Oñatiko jaietan eta denen gozamenerako egunak izan behar direla hauek. Hala ere, eraso sexisten aurkako guneak jarriko dituzte. Informazio guneak, telefono bidezko arreta zerbitzua (688602089) eta arreta presentziala egongo dira. Azken hau irailaren 28an, urriaren 5ean -herri eguna- eta urriaren 7an egongo dira, arratsaldeko 20:00etatik goizeko 08:00ak arte; herri egunean zerbitzua 13:00etan hasiko da. "Helburua jai eremu seguruak eta gozagarriak eraikitzea da eta horretarako presentzia irabaziko dugu kalean. Eskertuko genuke, erasoren bat egongo balitz, eta nahiz eta laguntzarik behar ez zan, telefono zerbitzura deitzea" azaldu du Izaro Elorza Oñatiko alkateak eta berdintasun batzordeburuak.
Txartelak
Jaietako emanaldi eta bazkarietarako txartelak dagoeneko salgai daude, bai bertso saiokoak zein herri eguneko bazkarikoak. Txartelak Izarraitz, Arrano, Batzokia eta Eltzia tabernetan eros daitezke. Irailaren 30eko berakatz sopa lehiaketarako izen ematea ere bihar zabalduko da.