ALBISTEAK

Martxan da 41. San Migel pilota txapelketa

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ira. 5a, 15:22

Martitzenean hasi zen San Migel pilota txapelketaren 41. edizioa eta 32 pilotari izango dira aurten lehian. Tartean hiru debagoiendar izango dira, Iñigo Erle (Oñati), Ander Etxaniz (Bergara) eta Manex Balerdi (Antzuola); azken bi horiek bikote moduan. Erlek gaur, eguena, egingo du debuta eta Etxaniz-Balerdi bikoteak, berriz, irailaren 10ean. Finala urriaren 6an jokatuko da.

Iraileko lehen astearekin batera hasi da Oñatiko San Migel pilota txapelketa. Aurten ere ez du hutsik egin, eta urriaren 6ra bitartean jokatuko dituzte partiduak, astean birritan. Zubikoa kiroldegian izango dira, martitzenetan eta egunetan, 19:00etan, eta egun bakoitzean gazte mailako eta nagusien mailako partidu bana ikusteko aukera egongo da.

Aldaketei eutsi diete

Hain zuzen ere, joan den urtean egindako aldaketari eutsi egin diote antolatzaileek, emaitzak hobeak zirela ikusita. "Eguaztenetan eta zapatuetan ziren lehen partiduak, baina iaz martitzen eta eguenetara pasa genituen, ikusle gehiago izateko, probatzeko. Ikusi dugu jendeak hobeto erantzun diola egutegi horri, eta horrela egingo dugu aurtengo txapelketan ere", azaldu du Aloña Mendi pilota elkarteko Ander Biain Galdosek.

Lehen partiduak aste honetan jokatu dituzte eta azkenek, finalek, jarrita dute data: urriaren 6an izango dira.

Erle, Etxaniz eta Balerdi

Aurtengo pilotarien zerrendari erreparatuta, hiru debagoiendar egongo dira txapelaren lehian: alde batetik, iaz txapeldun izan zen Iñigo Erle oñatiarrak Etxeberriarekin osatuko du bikotea, balentria errepikatzeko asmotan; bestetik, Ander Etxaniz bergararrak eta Manex Balerdi antzuolarrak elkarrekin jokatuko dute bikotea osatuz. Erlek eguenean, atzo, zuen lehen neurketa; Etxanizek eta Balerdik, berriz, irailaren 10ean egingo dute debuta, orduan dute lehendabizikoa. "Hasierako 32 pilotariek baiezkoa eman ziguten, nahiz eta lehen jardunaldirako baja pare bat egon diren. Bestalde, saiatzen gara urtero bertako eta inguruko pilotariak gonbidatzen. Aurten ere faboritoen artean egongo da Erle, baina beste biek bikote polita egingo dutela iruditzen zait".

Mailari eusten saiatu

Zubikoa kiroldegiko pilotalekuan jokatuko dira San Migel pilota txapelketako partiduak aurten ere. Aurtengo txapelketa aurrekoak adinakoa izatea da antolatzaileen nahia. "Batetik, saiatzen gara urtero maila bat mantentzeaz eta inguruko pilotariak ekarriz horri eusten. Bestetik, pilotariez gain, jendeak ere erantzutea gurako genuke, jendea partiduak ikustera joatea". Urtero legez, antolakuntzakoek gonbidapena egin diete herritarrei pilotalekura joan daitezen partiduak ikustera. "Uste dut disfrutatuko dutela".

Erlazionatuak

Bihar hasiko da San Migel pilota txapelketa

Iñigo Barrena Kortabarria ira 02 Oñati

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak