Oñatiko San Migel pilota txapelketak ez du hutsik egingo aurten ere. Bihar hasi eta urriaren 6ra bitartean martitzenetan eta eguenetan hitzordua dute pilotazaleek Zubikoa kiroldegian, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Egun bakoitzean gazte mailako zein nagusien mailako partidu bana ikusteko aukera egongo da.
Estreinako partiduetan, gazte mailan Murua-Artetxe bikoteak Izagirre eta Sotil izango dituzte aurkari. Nagusien mailako partiduan Aranbarri eta Lakoz Egiguren eta Apezetxearen aurka arituko dira. Final laurdenak bukatuta finalerdiak irailaren 17an eta 19an jokatuko dira eta finalak, berriz, urriaren 6an Oñatiko jaietako egitarauaren barruan; hauek arratsaldeko 17:00etan hasiko dira.
Aurtengo pilotarien zerrendari erreparatuta hiru debagoiendar egongo dira txapelaren lehian. Alde batetik, iaz txapeldun izan zen Iñigo Erle oñatiarrak Etxeberriarekin osatuko du bikotea balentria errepikatzeko asmotan. Bestetik, Ander Etxaniz bergararrak eta Manex Balerdi Antzuolarrak elkarrekin jokatuko dute. Erlek eguenean jokatuko du bere neurketa Sarasibar-Sanesteban bikotearen aurak. Etxanizek eta Balerdik irailaren 10ean egingo dute debuta Apaolaza-Bernaola bikotearen aurka. Urtero legez antolakuntzatik pilotalekura gerturatzeko deia luzatu dute.