Ruper Ordorika Ezkurdia (Oñati, 1956) musikari oñatiarrak jasoko du Abadia Saria, Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez. "Euskal kantagintza muga berrietara zabaldu du eta, horrela, unibertso propio bat sortu du, beti euskaratik eta euskaraz", adierazi du Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak.
1980an hasita ibilbide luzea
Ibilbide luzeko musikaria da Ordorika. Musika zalea betidanik, 12 urterekin Gasteizera joan zen bizi izatera. Gasteizen ikasle denboretan eta, gero, Bilboko Unibertsitatean aritua zen hainbat ekimenetan, besteak beste, Pott Banda literatura taldean ibili zen 1980ko hamarkadan. Bertan elkartuko zen aurrerantzean hain harreman emankorra edukiko zuten adiskideekin: Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde. Hautsi da anphora (Xoxoa-Elkar, 1980) lehen diskoak oso kritika onak lortu zituen; Atxagaren Etiopia (Pott, 1978) liburutik hartutako poemez osatuta zegoen disko hori.
1994an Hiru Truku taldea eratu zuen Bixente Martinez eta Joseba Tapia musikariekin. Ordurako, ordea, hasia zegoen bakarkako ibilbidean ere: 23 disko kaleratu ditu, eta aurtengoa da azkenekoa: Bakarka bi. Bide horretan, gainera, sariren bat edo beste eskuratutakoa ere bada; esate baterako, Adarra Saria jaso zuen 2015ean.
Mendizabalek, hala, musikariak egindako ibilbidea nabarmendu gura izan du: "Euskal kantu berriaren lekukoa hartu eta eremu berrietara eraman zuen, 1980ko hamarkadan argitaratutako lehen disko haietan. Ordutik, kantagintzaren eta rockaren arteko soro zabalean, makina bat abesti eta doinu berri eman dizkio euskarari".
Iaz Hautsi da Anphora zuzenean lana kaleratu zuen Bernardo Atxagarekin batera. 1980an aurkeztu zuen izen bereko diskoa, baina, Loraldia jaialdiak 2022an eginiko eskariari erantzunez.
Abadia Saria
Gipuzkoako Diputazioak 1996an sortu zuen Anton Abadia Saria, euskararen normalkuntzaren aldeko lanetan nabarmendutako pertsona edo elkarteen jarduna saritzeko; hala, horiek eginiko lanaren "aitorpen" izatea du helburu: "Sariak giza alorrean egindako ahalegin isila onestea bilatuko du, eta urte luzetako sustrai sakonez etorkizunerako eredugarri izan daitekeen jokabideak sustatzea".
Aurten etapa berri bat hasiko du sariketa horrek, Mendizabalek azaldu duenez, sariari nahiz haren errekonozimendu publikoari garrantzia handiagoa emate aldera, jakinik datorren urtean 25 urte beteko dituela. Dagoeneko ideia berri horri forma emango dioten arauak lantzen hasita dago Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza, gaineratu duenez.
24. saria emango dute aurten eta azken biak ere Debagoienera iritsi ziren: 2022ko saria Garabide elkarteak jaso zuen, eta 2021ekoa, Fagor Taldeak. Aurretik, Arantzazuko Egutegiak (1996) eta Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak (1997) eta Elay Taldeak (2003) ere jaso zuten.